Ingelesari "azken bultzada" emateko helburuarekin abiatu zen Juanjo Olasagarre idazle nafarra Hegoafrikara. Samindutako herri bat aurkitu zuen, egoera berri bati, Apartheid-en bukaerari hain zuzen ere, aurre egiten saiatzen zena. Bertan bizi izandakoa Jon Alonsok berriki gaztelaniara itzuli duen Mandelaren Afrika izenburuko liburuan kaleratu zuen. Ez Hegoafrika eta ez Afrikako beste herrialderik ez zuen ezagutzen egileak, eta hori izan da liburuan kontatzen duena esateko aukeratu duen irizpidea, "ez-adituaren jarrera" hartu eta ezagutzen ez duen norbaiti ere hurbilekoagoa egingo zaiona. "Irakurleari leiho bat ematen saiatu naiz, paisaia bat ikus dezan. Gauza asko iradokita daude esanda baino gehiago. Anekdota txikien bitartez, atzean zerbait sakonagoa dagoela adierazi nahi nuen", dio Olasagarrek.Aldaketak
Hegoafrika, bai garai hartan, 1997an, eta bai ziurrenik orain -"gauzak oso astiro aldatzen baitira han"-, trantsizio sasoian zegoen eta gai askoren inguruko eztabaida sutsuak zeuden. "Bertara iritsi nintzenean, egunkarietako galdera eta eztabaidagai nagusienetako bat zuri guztiak Apartheid-en errudun ote ziren zen, adibidez".
Bi alde oso bereizita zituen herria aurkitu zuen Juanjo Olasaga-rrek. Ekonomian, esate baterako, Apartheid garaian bi Hegoafrika zeuden. Bata zuriena, zergak ordaintzen zituztenena eta konpetentea; eta bestea, aldiz, guztiz ezkutukoa edo paraleloa: beltzena, ofizialki existitzen ez zena. Gaur egun bi alde ezberdinak batzen ari dira eta oso egoera nahasia dago: hamaika hizkuntz ofizial, hainbat autonomia eta etnia askorekin. "Eta izan duen historiarengatik, oso herri biolentoa da. Pentsa hango jendea hirurogei urtez esklaboak edo animaliak bezala bizi izan de-la, eta honek orain bere buelta dauka". Aldaketak, dena den, oso poliki gertatzen direla dio liburuaren egileak. Legeak aldatu bai, baina hauen isla ez da oraindik gizartean nabari. Hegoafrikartasuna azpimarratu beharreko momentuan daudela irizten diote bertakoek; Olasagarreren esanetan, orain arte oso bananduriko nazioa izanik, kohesioa behar baitute, "zerbait sortu behar dute".
Gaur egun zuriak "paper berri bat asumitu beharrean" aurkitzen direla irizten dio idazle nafarrak. "Nolabait onartu beharra daukate beraiek ez direla pelikula honetako izarrak, ez dira protagonistak, jende arrunta baizik, auzoko beltzak etorriko zaizkiela eta abar. Kinka horretan daude orain, egoera berria da haientzat eta kosta egingo zaie egokitzea".
Egoera berezi horretan eta zenbait hiritatik ibiltzea arriskutsua den arren, oso jende atsegina aurkitu duela azpimarratzen du idazleak, hegoafrikar beltzei dagokienean bereziki, gaur egun gertatzen ari diren aldaketak erakusteko irrikan gainera.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Viernes, 3 de marzo de 2000