Ana Urkiza idazle oparo gisa agertu da aurton. Ipuin liburua agertu ondoren, poema liburua eman du argitara Hiria argitaletxean.
Gela ilunetatik liburuak izenburuan jarri ditu poesia honen zenbait ezaugarri: gelatik idazten du, ikuspegi pertsonaletik, norberaren iritzitik. Hausnarketa adierazten du.
Poema liburuak alde bi ditu, eta bakoitza bost sailetan banandua da, hamar gai desberdin aipatzeko asmotan. Denbora, gauaren sorgindura, gelaren intimismoa, bakardadea eta karrika, heriotza, paisaia estilizatua, itxaropena eta ametsa, hitza, maitasuna, poesia eta ahaztura... Bidaia luzea norberaren barnearen aldean eta kanpo aldetiko ikuspegian.
Gairen zikloa zabala bada ere, poesiaren moldea antzekoa da beti: poema txiki, ñimiñoak, pentsakizun jokoak, inpresioak, zertzeladak ikusitakoari, pentsatukoari buruz.
Poemaren arintasunean oinarrituko inpresioa da nagusi obra honetan: pentsakizun joko arin bat, hitz kontraste xumea. Itziar Rozas sarrera egileak ongi adierazi du zeintzuk diren poesia honen bihotza eta gunea: 'Gela ilunetik lanaren poemak arnas sakonekoak diren arren, unean uneko inpresioak ere badakarzkigu. Urkizak inpresioak azaltzen dizkigu, laburrak, segundo bakar batean adierazi eta ondoren geuk irensten ditugunak'.
Hizkeraren aberastasuna estimatzen diot Urkizari, baina, poesia ikusia iruditzen zait. Agian, edizioak ere ez du laguntzen.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 2 de abril de 2001