Txalaparta argitaletxeak kaleraturiko Gutiziak ipuin bilduman eskaintzen diren ipuinen artean hainbat lotura bila genitzake, baina, ezaugarri jakina da batik bat ipuin hauen arteko uztardura erdiesten duena: egileak emakumezkoak izatea. Izan ere, bilduma honetan egiletasunak konnotazio bereziak bereganatzen ditu: besteak beste, ipuin bakoitzean idazlearen argazkia ezarri da eta idazle bakoitzari buruzko hainbat datu bildu dira. Batzuen aburuz, kontraesankorra izan daiteke emakumezko eta gizonezkoen literaturaren arteko alderik eza aldarrikatzen dutenek, emakumeek soilik eginiko ipuin sorta osatzea. Haatik, haratago begiratuz gero, lan honen asmoa berehala ulertzen da. Idazle multzoak ezaugarri ezberdinak erabiliz osa daitezke, generoarena bat besterik ez da.
Ipuin bakoitza ahots jakin bati dagokiola erakusten da, joera ezberdinak agerian geratuz: euskal emakumezkoen literatura abian doala erakutsiz. Aniztasuna da liburu honen ezaugarrietariko bat: jada ezagunak genituen idazleen izenak ezezagunak zitzaizkigunekin tartekatzen dira; idaz-le bakoitzaren idaz tankera eta hizkera berezia; era askotako pertsonaiak aurkeztuz (emagaldua, presoa, ama, alaba, irakaslea, eroetxekoak...); luzera ezberdineko narrazioz osatua. Narrazio hauek guztiek gutiziak ulertzeko era ezberdinen erakusle dira. Honela, Maite Gonzalez Esnal Hegoak ebaki nahi zizkion narrazioan hiztegiaren berrikuste beharraz gogoeta egiten du.
Idazle hauek bilduma hau osatzeko erakutsiriko desirari ez deritzogu gehiegizkoa: idazle hauen apeta ase izana adierazgarria da oso.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 29 de abril de 2001