Mikel Garikoitz da Denali taldean abestu, gitarra jo eta kanta guztiak konposatzen dituena, eta azkenean, seikote gipuzkoarrak betidanik country talde baten buru izan nahi zuen musikariaren desioekin bat egin du. Eta Counthree da, hain zuzen, Mikel Garikoitz & Denaliren hirugarren diskoaren titulua, IZrekin kaleratzen duen lehena eta iparramerikar musikari eskua gehien luzatzen diona.
'Lehenengo eta hirugarren diskoen artean bilakaera bat dago: geroz eta hurbilago gaude countryarengandik. Lehenengoak, nolabait esateko, rock kutsu bat ere bazuen. Bigarrenean jada country estiloa nabari da, eta nik lortu nahi dudan horretara hurbiltzen goaz. Eta Counthreen, nahiz eta soinu horrekin zerikusirik ez duen abestiren bat badagoen, countrya da oinarria', dio Mikel Garikoitzek.
Euren musika ez da nahikoa bizia rodeo batetan jotzeko, eta errepertorioko parte handi batek pop zaporea eta Gozategi anaiek interpreta zitzaketen baladen lasaitasuna du. Baina musikoak honetarako azalpen logiko bat eskaintzen du: 'kontutan hartu ezazu gu Euskadin jaioak garela eta ez dugula Estatu Batuetako countrymen horien arima, izpiritua eta hezkuntza'.
Dena den, 'kapritxoz, burugogorkeriaz edota bere gustu pertsonalagatik', Denali cowboyen musika tipikora eramatea erabaki du. Eta euskaraz interpretatzen duten bakarrak badira ere, biolina, akordeoia, mandolina, banjoa eta gitar akustikoak jotzen, ez du dudarik estilo honek Euskadin duen merkatu aukerari buruz. 'Merkatua baduela uste dut, countrya entzuteko erraza delako, eta melodiak, armonia errazekin ere, politak dira. Disko honetan maitasuna eta maitasuna dago, eta horregatik uste dut gustukoa izatea erraza dela', dio Mikel Garikoitzek konfidantzaz.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 18 de febrero de 2002