Euskal Idazleen Elkarteak Tere Irastorza izendatu du lehendakari berria larunbata honetan Bilbon ospatu duen urteroko Biltzar Nagusian, azken bost urteetan zehar Andolin Eguzkitzak bete duen kargua. Euskaraz idazten duten idazleen elkarteak, gainera, zuzendaritza batzordearen gainerantzeko kide berrien aukeraketa ere egin du.
Baina gainera, 2001. urteko egitasmoetatik zeintzuk bete diren begiratu, herrialde guztietatik datozen bere 261 bazkideei aurreko urteko balantze ekonomikoaren jakinarazpena eta iaz onartutako Plan Estrategikoaren aurkezpena ere egin dute Biltzar Nagusi honetan.
Euskal Idazleen Elkarteko idazkari kudeatzailea den Ana Urkizak azaltzen duenez, 2004. urtera arte luzatuko litzatekeen Plan Estrategiko honek elkartearen funtzionamendurako hainbat puntu zehazten ditu, 'EIEren funtzionamendurako eredu bat definituko du, elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea eta baliabideen erabilpen egokia egiteko oinarriak jarri eta dauden baliabideei errentagarritasun handiena atera asmoz, sinergiak bilatu eta aprobetxatu', besteak beste.
Plan Estrategiko honek finkatzen duenez, Euskal Idazleen Elkartearen helburu nagusien artean, epe honetan -2004. urtera arte, alegia-, idazleen eskubide profesional eta moralen defendatzaile bihurtzea legoke. Baina ez da hori azaldutako asmo bakarra, elkarteak bilatzen dituen helburuen artean idazleak batu, kohesionatu eta euren arteko elkarkidetza sendotzea ere bai baitaude, hala nola bere lanaren proiekzio soziala bideratzea.
Gainera, aipatutako Plan Estrategikoaren arabera, elkarteak euskalgintzaren eragile aktibo eta eraginkorra izan nahi du, euskal literaturgintzaren erreferente nagusi izan eta euskal literatura zabaldu, bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 18 de marzo de 2002