Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra

Euskararen inguruko aste kulturala Gasteizko lau auzoetan, gaurtik larunbatera bitartean

Gasteizko lau auzoetara eramango du Euskharan Kultur Elkarteak, gaur eta larunbata bitartean, euskararen inguruan antolatutako aste kulturala. Izan ere, Aranbizkarra, Arantzabela, Aranbide eta Zaramaga auzoetan lehen ikastola sortu zela 22 urte betetzen direnean, Euskharanek, beste hainbat erakunde eta partaideren laguntzarekin batera, euskarak epe honetan emandako aurrerapausoak ospatu nahi ditu eta egun hauetan zehar, horretarako, programazio anitza prestatu du. Adin eta zaletasun ezberdinak dituen publiko bati iristeko pentsatuta daude ekitaldi desberdinak. Haurrentzako filmeak, osasunari buruzko hitzaldiak, bertsoak, ludoteka eta sukaldaritza, besteak beste, Amaia Zentroan, Iparralde Auzo Etxean eta Mikeldi Zinematan astelehenetik ostiralera. Larunbata, hilak 13, izango da aste kultural honetako egun handia, Euskararen Eguna, eta goizeko 10.00etatik arratseko 19.00ak bitartean zuziriak, dantzak, haur jolasak, ipuin kontalariak, kalejira, gimnasia erritmikoa, antzerkia, eta musika izango dira.

Antolatzaileen esanetan, lehen ikastola martxan jarri zenetik euskaldunen kopuruak nabarmen egin du gora, eta gaur egun geroz eta gehiago dira euskaldun berriak. Euskharan Elkarteari berari dagokionean, hizkuntza kalera ateratzeko helburuarekin egiten du lana batik bat, eta nahi duenak arlo guztietan erabiltzeko aukera izan dezan. Aste kultural hau euren ibilbidean pauso bat gehiago dela kontsideratzen dute elkartekideek. Astean zehar egingo den beste ekitaldi garrantzitsu bat euskarazko liburutegiaren inaugurazioa izango da. Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak emandako gai ezberdinei inguruko 1.500 libururekin irekiko da liburutegi hau, aste kulturaletik aurrera astelehenetik ostegunera arratsaldez.

Aipatutako programazioarekin batera, Aranbizkarrako zuhaitzen errotulazioa, 1.000 portaletan oinarrizko euskarazko esaldien ipinketa eta postontzi guztietara helduko den aldizkari baten banaketa egingo dira. Bestalde, partaide bakoitzak bere kasa ere hainbat ekimen burutuko ditu, hala nola, ikastetxeek euren gelatan egingo dituztenak.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 8 de abril de 2002