Andres Urrutia euskaltzain osoa da eta Jagon Saileko buru. Jean Haritschelhar euskaltzainburuaren ondoan, eta Andres Iñigo eta Jose Luis Lizundia euskaltzainekin batera, Nafarroako Gobernuarekin elkarrizketetan aritu da aurtengo protokoloa sinatzeko.
Galdera. Joan den astean Euskaltzaindiak Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen. Zertan datza?
Erantzuna. Ez da hitzarmena sinatu, hitzarmen hori garatu duen urteko protokoloa baino. Hitzarmena ekainean sinatu zen, lau urterako iraupenarekin. Ohikoa izaten da halako hitzarmenetan -eta hala da Administrazio eta Unibertsitateekiko protokoloetan ere- urtez urteko programa zehaztu eta egitekoak azaltzea. Bestalde ere, hitzarmenaren jarraitutasuna ikuskatzeko, Batzorde Parekidea eta Teknikoa sortu dira bi erakundeen artean.
'Negoziazioetan azkenean gune erkide bat idazteko gauza izan garela uste dut'
G. Zer eragin izan dezake Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiaren erabakietan?
E. Eragin hitz horrek ez du egokierarik alde biko hitzarmen batean. Halakoetan erakunde bakoitzak bere nortasun beregaina izan, eta lan eta ikerketa batzuk egiten ditu. Bi-bien interesak zein eta halako gaiak adostu dira, horien jorraketa biontzat profitagarri izango delakoan.
G. Negoziazioak oso gogorrak izan al dira?
E. Negoziazio guztiak elkarrizketan gauzatu dira. Alde bakoitzak bereari eutsi dio, eta, lehen esan legez, bi-bion interesak izan daitezkeenak bilatu ditugu. Egia esan, zenbait puntutan zehaztu eta zorroztu behar izan ditugu bi erakundeen nahiak eta gogoak. Hala ere, azkenean gune erkide hori idazteko gauza izan garela uste dut. Orain horri ekin beharko diogu, lanok eta ikerketok aurrera eraman ahal izateko.
G. Orain arte Foru Aldundiekin eta Euskaltzaindiarekin sinatu da akordioa. Hitzarmena aldebikoa izateak zein eragin izan dezake?
E. Orain arteko hitzarmenean Eusko Jaurlaritza ere partaide izan da, hemengo hiru Aldundiekin batera, hain zuzen, duela 13 urte bostokin amankomunean sinatu baitzuen. Berria da, hortaz, aldebikotasuna, Nafarroako Gobernuarekin Euskaltzaindiak dituen harremanetan. Ez, ordea, Euskaltzaindiarentzat, jada gure Akademiak beste administrazio, unibertsitate eta elkarte batzuekin baititu halako hitzarmen eta itunak.
G. Zein eragin izan dezakete Nafarroako Gobernuaren erabakiek hizkuntzaren osasunean epe luzeagoan?
E. Aspaldikoari eutsiz, berrikitan azaldu du Euskaltzaindiak bere iritzia gai horren inguruan. Horren lekuko, Euskararen Kontseiluan adierazi duen botoa. Nolanahi ere, euskararen etorkizuna nahi du Euskaltzaindiak Nafarroan zein bestelako herri euskaldunetan. Horretan dihardugu euskaltzainok, legez eta gogoz.
G. Arriskuan al dago euskararen biziraupena Nafarroan eraso bortitz hauen aurrean?
E. Nafarroako euskararen egoera nafar gizarteak erabakitzen du egunero. Hartara, edozein arriskuren aurrean bermerik tinkoena nafarren borondatea izan behar da. Horri oratuko dio Euskaltzaindiak, euskara mintzodun lurralde bakoitzaren erakundeei dagokien begirunea gordeta.
G. Zein da Euskaltzaindiaren jarrera Euskararen Kontseiluan kontutan izanik 1999. urtean Jose Mari Satrustegik dimititu zuela?
E. Arestian berretsi du Euskaltzaindiak bere jarrera, bi aldiz gainera, Euskara Kontseiluan. Euskaltzaindia, legez, euskarari buruzko gaietan erakunde aholku-emailea da Nafarroako Foru Komunitatean. Eite horretan hartzen du parte Euskara Kontseiluan, galdetua izan denean. Hala adierazi dute, behin baino gehiagotan, gure ordezkariek, lehengoek eta oraingoek, kontseilu horren bilkuretan.
G. Nafarroako Gobernuak lanpostu berrietarako deialdia egin du foru dekretuari oniritzia eman ostean. Euskara jakiteak ez du inongo baliorik.
E. Nafarroako Gobernuari dagokio, legez eta nafarren hautuz, bertako hizkuntza-politika formulatzea eta gauzatzea. Orobat, Nafarroko Parlamentuari horren jarraipen zorrotza egitea. Euskaltzaindia horren jakitun da. Bestalde ere, Nafarroako Gobernuak iritzia eskatu izan dionetan, Euskaltzaindiak bere aburua eman dio Gobernuari euskarazko gaietan. Horren lekuko, Euskara Kontseiluaren azken bilera edota ekaineko hitzarmena.
G. Zein neurri har daitezke egoera zail eta korapilatsu honen aurrean?
E. Euskaltzaindiak ez du eskumenik hizkuntza-politika gauzatzeko. Zernahi gisaz, ez Nafarroan bakarrik; euskara mintzodun bestelako lurraldeetan ere, sarri helarazi die Euskaltzaindiak bere iritzia lurralde horietako Administrazioei, euskararen mesederako zer izan daitekeen onuragarri eta zer kaltegarri zehaztu guran.
G. Zuen iritziz zergatik azken urte hauetan Nafarroako Gobernuak hain jarrera bortitza du euskararen aurka?
E. Nire iritzia eskatuz gero, esan beharreko lehena hauxe dut: ikuspegi anitzeko kontua dela. Ezin, hortaz, bi hitzetan laburtu horren arrazoiak. Hala ere, maiz-sarri azalpen errazagietan ibiltzen gara. Euskaltzaindiaren aldetik, bistan da, erakundeen arteko harremanak zaindu nahi izan dira Nafarroako Foru Komunitatean, bakoitza bere eginkizun eta eskuduntzeetatik abiatuta, euskarak bere bidea egin ahal dezan.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 11 de noviembre de 2002