Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
GAIAK

Itzalak

Museoan topatu nuenean ahaleginak egin behar izan nituen urduri jartzen ez ninduela erakusteko, eta lortu nuelakoan nago, barrutik dardar batean nengoen arren. Ez nuen Asunekin topo egiten 1997tik. Ondo gogoratzen dut urtea, gure azkeneko enkontruan gaztelaniaz argitaratu berria zen Bariccoren Zeta eleberria gomendatu zidalako, eta izugarri gustatu zitzaidalako.

Bera ere lasai zegoela erakusten saiatu zen: arinki besarkatu ninduen, urte horiek guztiak pasatu izan ez balira bezala. Ez nuen izan kemenik nire besoetan estuago eta luzeago hartzeko.

Ohiko konplimenduak elkartrukatu genituen. 'Guapa ikusten haunat. Noiztik erabiltzen dun rouge-a?'. Urkorekin nabilenetik, pentsatu nuen, baina ez nion erantzun zehatzik eman, ez galdera horri, ez bota zizkidan beste askori ere; dena den, ez dut uste erantzunik espero zuenik.

Asun itsustuta zegoen, eta lodi samarra. Nikotinaz horituta zituen eskuin eskuko hatz luzea eta erakuslea, eta sustrai urdinak agerian uzten zizkion ilearen tinduak. Baina ez nion ezer esan.

Institutuko lau urteak elkarrekin egin genituen Asunek eta biok; ''SuperPopetik Rimbaud-eraino', berak aipatzea atsegin zuen legez. Adiskideak baino, sekta bat izan ginen urte horietan zehar. Garai batean ia arratsaldero joaten nintzen Asunen gurasoen etxera, eta memorian iltzatuta daukat behin batean esan zidana, Gosaria Tiffany's-en amaitu ondoren: 'Nik ere Hollyk bezala pentsatzen dinat: 'Norberaren aberria ondo sentitzen zaren lekua da. Eta bila nabil oraindik''. Eta nik barre egin nuen, esaten zuena barregarriegia iruditzen ez zitzaidan arren.

'Gustatzen al zain erakusketa? -galdetu zidan halako batean-. Ezta niri ere. Aterako al gaitun hemendik?'. Baietz erantzun nion, basoerdi hartzera joan gintezkeela alde zaharrera, baina ezetz egin zidan buruarekin: 'Nahiago dinat paseo bat ematea, axola ez bazain. Badakin...', eta gehitu egin zuen, irribarretsu: 'Arraroa irudituko zain, ezta? Lehen hi hintzen ibiltariena...'. Egia da: niri mendia izugarri gustatzen zitzaidan, eta Asuni, batere ez. Pentsatzen jarrita, hura izan zen urruntzen hasi gintuen kontuetako bat: mendi-elkartean ezagutu nuen Mikel, nire lehenengo senarra. Mendia, eta ikasketak, noski: Asun Madrilera joan zen, Diplomazia Eskolara; ni, bitartean, Sarrikon ibili nintzen, Ekonomiakoak amaitu ezinik. Eta hasierako eskutitz piloa, murrizten joan zen denborarekin. Ondoren -nik ez nuen sekulan ulertu-, politikaren munduan sartu egin zen Asun, eta gero eta aukera gutxiago izan genuen elkarrekin egoteko.

'Zumardia ederra zagon paseatzeko, ez dun hala uste?'. Egia zela erantzun nion, eta zintzoa nintzen: soilik udazkenetan disfrutatu daitezkeen arratsalde epel horietako bat zen. Zuhaitzen itzal luzeek geziak ekartzen zizkidaten gogora. Gure oinetakoek hots gozoak ateratzen zituzten orbela zapaltzean, eta indigaztaina erori berriei ostikadak emateko sekulako gogoa nuen. Baina ez nintzen ausartu.

'Leitu al dun Bariccoren azkena? -bota zidan-. Ez dun nobela bat, saiakeratxoa baizik. Next du izenburua; globalizazioari buruzkoa dun'. Eten bat egin zuen, eta, labur izan bazen ere, atzera begiratu zuen aurreneko aldiz; gero, aurrera jarraitu zuen. 'Irailaren 11ko gertakariez-eta ari dela, Bariccok zeozer esaten du etorkizuneko gerrez. Atzerriko gerra tradizionalen kontzeptua zaharkituta geratu dela zion; hemendik aurrera guztiak izango direla barne-gerrak: kronikoak, ekidiezinak, zibilak. Eta orrialdea itxi, eta pentsatu egin ninan Euskal Herrian aspaldidanik garela globalizatuenak eta modernoenak, gure gerra halakoxea delako. Ez dun uste?'.

Ez nion Asuni erantzun, baina, berriro ere, ez dut uste erantzunik espero zuenik. Hitz egiten jarraitu genuen, honetaz eta hartaz, trenbidearen zubiraino iritsi arte; joan behar nuela esan nion orduan, ikusiko genuela elkar. Beste besarkada labur bat, eta norbera bere bidetik abiatu zen: ni iparralderantz, gure etxerantz, eta Asun, bizkartzaina atzetik zihoakiola, ekialderantz.

Ez dakit bere etxea handik ote dagoen.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 11 de noviembre de 2002