Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Reportaje:Gaiak | EUSKARAZKO KRITIKA SARIA

Lainoa eta euria nahasten direnean

Juan Kruz Igerabide eta Pello Lizarralde, dohain bereziak dituzten bi idazle, nabarmen ditu Kritikarien Elkarteak

Ez du dirurik banatzen, baina garrantzi handia du idazleentzat. Kritikarien aipamenak ospea eta bigarren aldiz irakurria izateko aukera ekartzen ditu berekin. Euskarazko literaturaren atalean, Juan Kruz Igerabide eta Pello Lizarraldek irabazi dute aurten, sinbolismoz jositako lan banarekin. Igerabidek barne bidaia aurkeztu du Mailu isila liburuan; euria protagonista duen lanaren bidez, gure tradizio poetikoa zein ingurukoa ongi ezagutzen dituela agerian utzi du. Lizarraldek, berriz, idazle arrunta ez dela erakutsi du beste behin. Lainoa hartu du ardatz Larrepetit nobelan, Nafarroako bideetatik noraezean dabiltzan pertsonaien bizitzaren atal bat deskribatzeko.

Iragan asteburuan eman dira aditzera Madrilen aurtengo Kritika Sariak, iaz argitaratu izan diren liburu estimatuei eskainiak. Pello Lizarralde Larrepetit nobelagatik eta Juan Kruz Igerabide bere Mailu isila poema liburuagatik aipatu ditu Kritikarien Elkarteak.

Idazle biak adin bertsukoak dira: 1956. urtean jaioak dira eta agian, erdi mailako promozioak ere bere burua agertzen hasia dela esan dezakegu.

Pello Lizarralderen Larrepetit nobelan agertzen den sinbolo nagusia lainoa da: nobela honetako pertsonaia nagusiak Nafarroako ipar aldeko bideetatik eta parajeetatik dabiltza, ihes eta galduak bezala, noraezean. Kasualitatea da narrazioaren abiaburu bat, ez dakigu zergatik diren han, eta ez dugu inoiz jakingo. Pertsonaien bizitza tarte bat hartu du kontutan narratzaileak eta haien keinu eta ibilbideei ematen die arreta. Galduak zirkulu batean, galduak jira-biraka.

Pello Lizarralde ez da idazle arrunta gure literaturan, ia idazle sekretua dugu, nahiz eta traiektoria luzea egin duen gure letretan. Kontagintza lirikoa egiten duela esan dezakegu. Paisaiak, adibidez, pertsonaiak beste toki du nobela honetan, laino mehe, pisutsu batek bete du nobela, eta ihesak, bizitzak, inora ez daramala adierazten du bere prosa zainduan.

Bizitza eta heriotza

Juan Kruz Igerabideren poema liburuan euria da nagusia: ura, itoz, eta ura bizitza ernegarriz. Bizitza eta heriotza biraka, baina bere irudi geometrikoa ez da borobila, Lizarralderen nobelan bezala, baizik eta espirala, bilduz eta hasiz doan bizitzaren aztarna, kontzientziaren begirada.

Barne bidaia aurkeztu du poetak honetan. Aforismoak idatzi zituen poema liburu honen aurretik, eta geratu zaio laburtasuna maitatzeko jitea. Igerabidek Arestiren mailuari beste joera bat eman dio, mailuak ez du kontzientzia kolpatuko, baina isiltasunetik abiaturik mundu propioa sortu du. Tradizioak ongi ezagutzen dituela eman du ezagutzera. Gure tradizio poetikoa, lehenik, ingurukoa ondoren, eta beti geratuko zaio Ekialdeko zen filosofiak erakusten duen kontenplazioa eta hausnarketaren atsegina. Egunerokoaren euria betiko euria bihurtuko du poemak.

Kritika Saria ez da berez sari bat, aipamena baizik. Ez da dirurik zabaltzen eta eratzaileak, Espainiako Literatura Kritikarien Elkarteak, ematen ditu urtero-urtero. Aipamena eta besterik ez, egia da juradutzan diren literatura kritikariok harreman estuak dituztela egunkariekin, bakoitzak bere artikuluak argitaratzen dituen egunkariekin, eta aipamenak, gutxi ala asko, oihartzuna lortzen duela hurrengo egunean. Dirurik ez dagoenez bitartean, ospea besterik ez, eta irakurria izateko bigarren aukera. Gainera, Espainian bizitza luzeenetariko duena da. 1956. urtean jaio zen eta Zaragozan eman zen lehen aldiz.

Gora behera handiko saria izan da Kritika Saria, eta bere bitxikerien artean urtean-urtean ematen den tokia aldatzen saiatzen dira eratzaileak. Hasieran nobela eta poesia ziren genero saritu bakarrak, baina III. emanaldian, 1958. urtean saiakera ere sartu zuten. 1962. urtean kontuan hartu zituzten katalanez idatzitako lanak, baina urte horretan besterik ez, eta 1976. urtetik aurrera izan zuten gailegoak eta katalanak miresmen zuzena. Euskarazko lanak 1978. urtean agertu ziren aipatuen artean. Eta urte hartan Agustin Zubikarairen Bale-denborak eta Bernardo Atxagaren Etiopia izan ziren aipatuak edo sarituak.

1980. urtean Teresita Irastorzari saria eman ziotela eta eztabaida txiki bat sortu zen Euskal Herrian. Hemengo batzuk ez zuten ongi ikusi idazle gazte edo hasberri bati saria ematea, eta gurago izan zituzten traiektoria luzeko idazleak. Baina agian, horixe izan da Sariaren ezaugarrietako bat: dirurik ez denez, ez du arazorik apustuak egiteko, eta arriskuz egindako literatura saritzeko. Hala gertatu zen Sarrionandiarekin. Jendeak -eta batez ere Madrileko kazetariek gogoratu ez arren- oroitu beharko genuke 1986. urtean bere Atabala eta euria izan zuela kontutan epaimahaiak.

Idazle berrien lanari oso adi egon den saria da, historian zehar, Kritika Sari hau.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 14 de abril de 2003