Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
HISTORIAN BEHIN | Gaiak

Hiru gizon euskarazko liburu baten inguruan

François de Morpain liburugileak Bordeleko Epaitegiko erregistroan utzi zituen Eiheralarreko erretoreak osaturiko olerkiak, moldiztegiko paper zurian inprimatutakoak. Egun batzuk geroago -1545eko apirilaren 30ean- Ingalaterrako jauregiak Bordeleko ardoaz hornitzen zituen Jean de Pontac merkatariak ontzat jo zuen Epaitegiaren izenean liburuskan idatzitakoa.

Biarnesa izanda, nekez uler daiteke nola hartu zituen ontzat, garai hartako fede katolikoaren ikuspegitik "bekatu mortalezkoak" ziren olerkiak, batez ere Emazten favore izenekoa, "munduyan ezta gauçaric hayn eder ez placentic / nola emaztia guiçonaren petic buluzcorriric" aldarrikatzen duena.

Zorionez, Nafarroako Erresuma betiko zatituta utzi zuten gerren ondoren, Nafarroa Behereko gorteak, eta batez ere Heptameron ipuin liburu satirikoaren egile Angulemako Margarita erregina poliglotaren eskuzabaltasunak, aterpe gozoa eskaini zien Erromako elizaren ortodoxiarekin bat ez zetozen humanistei, hala nola, Joan Kalbin erlijio gizon erreformatzaileari edota Pantagruel liburuan euskaraz inprimaturiko lehendabiziko pasartea sartu zuen François Rabelais idazleari.

Euskarazko liburua

Nolanahi ere, François de Morpain inprimatzaileak arindu ederra hartu zuen De Pontac jaunaren oniritzizko sinadura ikusi zuenean. Hiru urte zeramatzan lanean Bordeleko moldiztegian, eta denbora tarte labur hartan, denetariko idazlanak inprimatu behar izan zituen.

Baina Eiheralarreko erretore mosen Bernard Etxepareren liburuska hark ez zuen zerikusirik ordurarte egina zuenarekin. Latinezko izenburua zeraman, Linguae Vasconum Primitiae, eta barruko testu guzti-guztiak euskaraz idatzita zeuzkan. Debozioz eta erotismoz beteako olerkiez gain, erretoreak ondo gogoan zituen artean gartzela barruan emandako egunak, politika kontuak medio: "Mossen Bernat pensa ezac / carcel hori gayz bada / nonbaytere yfernuya / are gayçago dela".

Egun gutxiren buruan, banatzeko moduan izan ziren euskarazko lehen liburu inprimatuaren aleak. Nekez susma zezakeen garai hartan Morpain liburugileak bere alargunak Nostradamusen

Almanac pour l'an 1567 inprimatuko zuela.

Baina halakoxe itzul-inguru bitxiak ditu gizakion patuak. Etxeparek idatzi zuenez, "heldu behar duyen gauçan ezta escapaceric".

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 28 de abril de 2003