Berarentzat ere gerra hasi zenean, aitonak oso gauza gutxi zeramatzan. Omnia mea mecum porto, pentsatuko zuen bere jatorrizko hizkeran, baserritik atera eta bidaia luze samar baten ondoren beste halamoduzko soldaduekin bat egin zuenean. Gerra hura nazionalekin egingo zuen, haiek iritsi baitziren lehenago herrira, edo agian errepublikaren kontuak urrutiegi gelditzen zitzaielako, hiri ezezagun eta arrotzetan. Dena zeraman berekin eta ez zuen, beraz, bizitzaz aparte, jakina, askoz gehiago jarriko galtzeko zorian. Gauza txikien artean luma bat zegoen, estilografikoa, gutunak idazteko erabiliko zuena.
Metraila zauriak pairatu zituen, halako egoeretan arrunta den zerbait, eta etxera bidali zuten, ez erabat sendatu arte, baizik eta hamabost egunen buruan itzultzeko ordenarekin. Sei hilabetez gelditu zen bere jaioterrian, abisurik jaso gabe. Horretaz jabetu zirenean, hala ere, bere bila joan ziren berehala eta preso eraman zuten Burgos aldera. Ezarri zioten zigorra gerra bera baino luzeagoa zen: lau urte eta egun bat, Marokon -hau da, Marruekosen, berak esango lukeen moduan- pasa beharrekoak, gainera. Baina halako egoeretan arrunta izan ohi den bezala, gerrako hilabete haietan egindako adiskidetasunak nahikoak izan zitzaizkion zigor hartaz libratzeko eta berriro koronelaren txofer lanetan jarduteko.
Harritzekoa bada ere, hor amaitzen da aitonak gerrari buruz, gerrarekin lotura zuzena zeukaten gertakariei buruz, kontatzen zuena, denborak aurrera egin ahala nozitutako sufrimenduak, odol-isurtzeak eta hildakoen oroitzapenak pisua galtzen joan izan balira bezala. Pasarte asko, bere garaian gogoangarriak zirenak seguraski, ahaztu egin zaizkio dagoeneko eta sekula ez dugu haien berririk izango. Orain gogoratzen duena ere ahanzturak irentsiko du pixkanaka, argizaria urtuz doan bezala erabat desagertu arte. Oroimenak bizitzak berak baino epe laburragoa baitu.
Baina behin harritzen hasita, aipatzekoa da aitonak gordetzen duen oroitzapen argi bat, atzo bertan gertatutako edozein gauza baino askoz ere xehetasun gehiagorekin kontatzen duena. Koartelean zegoela, estilografikoa desagertu egin zitzaiola ohartu zen behin. Ohepean eta aldamenean begiratu zuen behin eta berriz emaitzarik gabe. Ez zuen ulertzen nola arraio desager zitekeen luma hura, hain ondo zaintzen zekiena, beti berekin zeramana, izan ere, omnia mea mecum porto, pentsatuko zuen bere jatorrizko hizkeran. Ordura arte jasandako galerarik handiena zen hura eta egunetan ezin izan zuen hori burutik kendu. Kopetilun ibili zen gizona, harik eta beste soldadu baten eskuetan bere luma ikusi zuen arte. Orduan konturatu zen luma ohostu egin ziotela, ez zuela berak galdu. Amorruari eutsi ezinik, soldadu harengana joan zen estilografikoa bueltan eskatzeko asmoz, baina hark berea zela esan zion, ezingo zuela frogatu lapurtu ziotenik. "Diruak ez du jaberik", erantzun zidaten behin, mila pezetako bat erori zitzaidala ohartu eta pozik poltsikoratzen ari zen emakumeari billete hura nirea zela azaldu nionean.
Halako zerbait esan omen zioten, beraz, aitonari, luma hura eskuan zeukanarena zela, eta ez beste inorrena. Aitonak, ordea, bazekien halako lumarik ez zegoela inon ere, berea zela, eta berreskuratzeko ahaleginak egingo zituela. Koronelari berari ere iritsi zitzaion ustezko lapurretaren berria, eta haren aurrean bildu ziren egun batean aitona eta luma zeukan soldadua. Azken honek berea zela errepikatu zuen, azala gorritzen ez zitzaiola, baina aitonak bazekien auzia irabaziko zuela eta lasai zegoen, hotz begiratzen zion soldaduari. Erantzuteko unea heldu zitzaionean, luma irekitzeko eta altzairuzko mekanismoari erreparatzeko eskatu zuen, bertan grabaturik bere inizialak zeudela, V.I. Halaxe egin -han zeuden inizialak- eta luma bere jabeari itzuli zioten, aitonari, lapur gezurtia nabarmen geratzen zela. Egun haren pozak gerra garaiaren gizagabetasun eta hondamendiak baino gehiago iraun du eta oraindik noizbehinka distiratzen du aitonaren begi nekatuetan.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 5 de mayo de 2003