Artista ezezagun batek sexu harremanetan ari den bikote baten harrizko irudiaz apaindu zuen XII. mendean Abrisketako San Pedro baselizaren hegoaldeko horma. Bizkaiko Arrigorriaga herriko eraikin erromaniko honen bitxikeriak ezin argiroago frogatzen digu, Erdi Aroan ere, erotismoarekiko kezka pil-pilean egon zela euskal gizartean.
Kristandadeko erreinuak Hirugarren Gurutzadan murgilduta zeuden. Txipre konkistatzeko kanpainan zebilela, Ingalaterrako Rikardo I.a Lehoibihotza Nafarroako Antso VI.aren alaba Berengelarekin ezkondu zen.
Une hartatik aurrera, Nafarroako infanta Ingalaterrako erregina bati dagozkion ohore guztien jabe bihurtu zen ere, baina ez omen zuen behin ere bisitatu Britainiar Irletako erresuma. Areago, historialari batzuek iradoki izan dutenez, baliteke ezkontza kontsumatu gabe geratzea, Rikardok "naturaz besteko" sexu harremanak nahiago omen zituelako.
Txipren ospatutako eztegu haietan, Rikardoren ama ere izan zen, Leonor Akitaniakoa, edertasun handiko emakumea gazte denboran, eta zer esan ugari eman zuena "haragiaren apetitu desordenatuengatik".
Frantziako erregearekin ezkonduta egon ondoren, eta intzestu susmoak argudiatuz, Berengelaren amaginarreba dibortzioa lortu eta Ingalaterrako Henrike II.aren emazte bihurtu zen. Mende hartako beste zurrumurru baten arabera, Rikardo Lehoibihotzaren ama sinesgabeen buruzagi Saladinoren ohaide ere izan omen zen.
Aubry des Trois Fontaines kronikari zistertarrak honela azaldu zuen Leonorren izaera: "Emakume hau aseezina zelako utzi zuen Luisek ; alegia, ez zelako portatzen erregina baten antzera, puta bat bezala baizik".
Sexualitatearen inguruko ikamika latz horiek monastegietara ere iritsi ziren. Horrela, klunitar eta zistertarren arteko haustura gauzatu zenean, Cluny-ren aldekoek hitz gordinez kritikatu zuten zistertarrek galtzontziloak -X. mendean asmatuak- erabiltzearen aurka hartu zuten jarrera, "lizunkeriari ekitea" erraztuko zielakoan.
Esan beharrik ere ez dago, Erdi Aroko euskal eta europar gizartean, sineskeriak nagusi zirela, bai eta sexu kontuetan ere. Analfabetismoaren tasa %80 ingurukoa zela kontuan izanda, ez da batere harritzekoa orduko euskaldunak sorgin, belagile eta petrikiloen edabeez eta bestelako trikimailuez baliatzea haragiaren irrikei sosegu eman ahal izateko.
Atzerako martxa
Kontrazepzioaren alorrean, baziren ardi-hestez egindako preserbatiboak, eta kasu askotan, atzerako martxa erabiltzen zuten nahi gabeko haurdunaldiak ekiditeko. Nolanahi ere, ez dirudi sistema horiek oso eraginkorrak izan zirenik, ume ilegitimoen portzentaiak laukoztu egiten baitzuen Erdi Aroko Euskal Herrian Europa osoko batezbestekoa.
Gainera, garai hartako sendagileek ez zuten begi onez ikusten coitus interruptus delakoa praktikatzea, koitoa sarriegi etenez gero zakilean ultzerazioak atera zitezkeela uste baitzuten.
Zoritxarrez, zientzia ere ez zegoen sineskerietatik salbu. Orduko anatomistek zakila bizkarrezurretik ateratzen ziren zain eta nerbioen lotura antzeko zerbait zela uste zuten -hortik dator zakilari ematen zioten caudea nervorum izena-, eta babarrunak, txitxirioak eta bestelako janari "haizetsuak" sobera jateak priapismoa sortaraz zezakeela.
Erdi Aroa eta Errenazimenduaren tarteko mugan, Bernard Etxepare behenafar apaizak euskaraz idatzita adierazi zuen lehendabiziko aldiz erotismoaren gaiak eragiten zion egonezina: "Munduyan ezta gauçaric hayn eder ez placentic / nola emaztia guiçonaren petic buluzcorriric". Urte erdi eskas geroago, Trentoko Kontzilioak legez kanpokotzat jo zituen ezkondu gabeko bikoteak eta ezkutuko ezkontzak, Erdi Aroko apetitu desordenatuei behin-betiko hesia ezarriz.
Bernada eskubidea
Legearen ikuspuntutik, Erdi Aroko euskal emakumeak amore eman behar zien sexu kontuetan senarraren nahiei, baldin eta "emakumea abere edo gizon bilakaturik, Jainkoak emaniko aginduen aurkako jarrerarik" eskatzen ez bazitzaion.
Sexu erasoei dagokienez, emakume ondratuen bortxatzaileei zigor handiak ezartzen zitzaizkien -heriotz zigorra barne-, baina ez zen gauza bera gertatzen, emakumea ostatu eta azoketako diru usainean ugaltzen ziren mariabideetako, kantoizale edo emagaldu haietako bat bazen.
Hala ere, bazen sexu eraso mota bat sarri asko zigorrik gabe geratzen zena, ius primae noctis edo bernada-eskubidea izenekoa. XV. mendean, Aramaioko biztanleek epaileen aurrean salatu zuten Joan Alonso Muxika oinaztar buruzagia, baserrietako neskak bahitu eta bortxatzeagatik.
Aramaioarrak bezala, Bizkaiko lehen kronika idatzi zuen Lope Garzia Salazarrek ere Muskizeko neskatxak gogoz kontra eramaten zituen Muñatoneseko dorretxera, eta azalpen eske abiatzen ziren senideak preso hartu, torturatu eta hil ere egiten omen zituen.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 7 de julio de 2003