Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Gaiak | IRAULTZA EUSKAL LITERATURAN.

Ernazimenduko idazle 'prodigoa'ren itzulera

Borja Aginagaldek "zirraraz" gogoratzen du oraindik Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuaren aurkikuntza

Euskalari eta filologoek sinetsi ezinik jarraitzen dute XVI. mendetik heldu zaigun euskarazko eskuizkribuaren aurkikuntzaren ondoren. Arabako iparraldean bizi izan zen Joan Perez Lazarraga jauntxo euskaltzalearen idazlanak berealdiko iraultza sortarazi du euskal literaturaren historian. Bat-batean, duela ia 500 urteko ahots horri esker, Ernazimendu garaiko grinak eta amodio-minak bistara ditzakegu argitaratu gabeko liburu honen orrialdeetan barna. Hemendik aurrera, euskal literaturaren historia ez da izango gaurdaino irakatsi zaigun bezalakoa, Lazarragak kolokan utzi baitu betiko Etxepare eta Leizarragaren orain arteko aitzindaritza absolutua.

Arabako Lautadaren iragan euskalduna iratzarri du Joan Perez Lazarragaren ezkuizkribu aurkitu berriak. Larreako dorretxeko jaunaren kapritxoari esker, betiko ahanzturatik berpiztu dira XVI. mendeko Euskal Herri hartako dontzeila eta dama galantak, herriz herri elkarren kontrako justetan ibiltzen ziren zaldun ausartak eta Europako garai hartako kondaira magikoetan ageri ziren adarbakarrak eta gainerako pertsonaia mitologiko guztiak.

Liburuaren hasieran prosaz idatzita dagoen zati luzean, Narbaez izeneko enkantadore bat, Marte jainkoaren mandatariak eta florestatik gora eta behera ibili behar duten artzain errukarri batzuk ere azaltzen dira. Pruden Gartzia, Euskaltzaindiko liburuzainaren esanetan, Lazarragaren izkribuaren zati horretan agertzen den maitasun istorio pagano horrek Ernazimenduko narratiba handien kategoriatik hurbil koka lezake euskal literatura.

Patuaren kapritxo hutsa izan da, duela 500 urteko euskaldunen eguneroko bizimoduaren aztarna literario hau paper zaharren artean ez galtzea. "Orain dela urtebete inguru aurkitu genuen eskuizkribua Madrilgo liburudenda espezializatu batean zegoen garrantzirik gabeko agiri lote baten erdian; ez zatekeen batere harritzekoa izango, beraz, Lazarragaren testu hau betiko galtzea", azaldu du Borja Aginagaldek, Eusko Jaurlaritzako Dokumentu Ondarearen Zentroko zuzendariak.

Aginagalderi egokitu dio patuak Larreako jaunaren izkribua aurkitzea eta Euskal Herrira ekartzeko gestio guztiak bideratzea. "Liburua erosi baino lehen, etxera ekartzen utzi zidaten, eta hortxe ari izan nintzen bi hilabetez testuaren nondik norakoak aztertzen", gogoratu du.

Eskuizkribuaren letra-moldea eta idazkeraren ezaugarriak ikertu ondoren, Aginagaldek 1560ko hamarkadan idatzitako testua dela zehaztu ahal izan zuen. "Baten batek izkribua faltsua izan litekeela ere planteatu du, baina nork izan lezake horrelako agiri bat faltsifikatzeko interesik?", esan du.

Aurkikuntza garrantzitsua

Aurreneko arakaketa hartan aurrera egin ahala, Euskal Dokumentu Ondarearen arduradun nagusia "aurkikuntza garrantzitsu" baten protagonista bihurtzen ari zela konturatu zen. "Lazarragaren testuak errotik aldaraziko digu XVI. mendeko euskal gizarteari buruz genuen ikuspegia", ziurtatu du, eskuizkribuaren gaineko lehenengo azterketa hartan sentitutako zirrara ahaztu ezinik: "Hogei urte baino gehiago daramatzat agiri zaharren peskizan, eta milaka dokumentu arakatzeko aukera izan dut denbora luze honetan, baina oso gutxitan sentitu dut Lazarragarena aztertzerakoan sentitu dudan zirrara".

Joseba Lakarra irakaslearen esanetan, Lazarragaren eskuizkribuak "urte askotarako lana emango die hizkuntzaren eboluzioa aztertzeaz arduratzen diren hizkuntzalari eta filologoei", euskara arkaikotik genituen irudi solteak -Donemiliagako glosak, XIV. eta XV. mendeetako kantu epikoak eta abar- mugimenduan ikusteko aukera eskaintzen baitu, Erdi Aroko giro nahasi hartan kokatuta.

Hortxe daude, esate baterako, izurritearen garaiko Agurain-Salbaterra errautsirik utzi zuen sute izugarria deskribatzen duen olerkia, artzain eta dontzeila flordelisen arteko amodioak edota Euskal Herria izenaren lehen aipamena: "antxinako liburuetan ezautu dot Euskel Herri hau nola eben errege batek pobladu".

Lazarragaren testuan, bertako nahiz kanpoko toponimo ugari agertzen dira -Salbaterra, Nafarroa, Sibilia...- eta Jan Doneane edo Jan Done Peria bezalako santuen izenak ere. Dena, Arabako euskaran idatzia. "Euskalki honetan, garai hartako dozena erdi orrialde genituen, eta bat-batean, beste ehun iritsi zaizkigu", azaldu du Lakarrak.

Xabier Kintana euskaltzainak Lazarraga eta Etxepareren arteko paralelismoak aurkitu ditu maitasun olerkietan. "Agian, ez litzateke ausartegia izango arabarrak Etxepareren obra irakurria zuela susmatzea", seinalatu du.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 7 de marzo de 2004