Greta du izenburu Jasone Osoro elgoibartarren lan berriak, argitaratzen duen lehenengo eleberriak. Aurretiaz Tentazioak eta Korapiloak bildumak argitaratu zituen. Azken lan horretan, beharbada, egon bazegoen eleberrira heltzeko lehenengo pausoa. Pauso hori orain egin du. Hala ere, eusten die aurreko liburuetako gaiei eta berauek aurkezteko moduari. Osororentzat maitasun harremanak dira ardatz, era guztietako maitasun harremanak, laguntasunean nahiz desioan kiribiltzen direnak.
Oraingo honetan gai bera dakar maitasun triangelua den istorio bitxi batekin. Triangelu horretan, Oskar, Ana eta Greta dira protagonistak. Greta manikia da, Oskarren amonaren manikia. Oskar pertsona insegurua da. Berarentzat Greta da iraganarekiko lotura, sekula izan ez zuen amaren afektibitatea. Hauxe izan daiteke liburuaren gaia: berez bakardadean bizi diren pertsonaiek ondokoei euren maitasun eta sentimenduak azaltzeko gaitasun eza, aldi berean ondoko horiek maitatzeko era ez baitiete ulertzen.
Liburuak hiru atal nagusi ditu, bakoitzean protagonistetako batek, bere ikuspuntutik, berba egiten digu. Barne sentimenduen berri eman eta ondoko pertsonekiko sentimenduak ere azaltzen ahalegintzen da. Zinearen eragina nabaria da, baita idazkeran ere. Egileak aukera izan du oso prosa arina pasarte luzeago eta garatuagoekin tartekatzeko.
Greta bada Jasone Osororen partetik bere literatura garatzeko ahalegina. Horrela har dezakegu bere lehenengo eleberri hau.
Greta. Jasone Osoro. Elkar, 2003
* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 2 de mayo de 2004