Datorren igandeko hauteskundeen emaitzak erabagarriak izan daitezke Europako eremu murritzeko hizkuntzentzat. Euskarari dagokionez, Europako Parlamentuan orain arte egon den jarleku banaketa bere horretan mantenduz gero, bere estatus juridikoak aldaketarik izan dezake, idazketa prozesuan dagoen Europako Konstituzio berrian.
Halaxe iradokitzen da Jose Luis Rodríguez Zapateroren gobernuak maiatzean Europar Batasuneko lehendakaritzaren aurrean egindako eskaeraren haritik. Aznarren gobernuak mantentzen zuen ezezko jarreratik bereiziz, Zapateroren exekutiboak Estatuko hizkuntza koofizialak -katalana, galegoa eta euskara- aintzat hartzea eskatu dio Europari.
Proposamenak hasieran planteatu zen bezala aurrera egingo balu, Europako Konstituzioa euskarara itzuliko litzateke, eta euskaldunok europar administrazioen aurrean gure hizkuntza erabiltzeko aukera izango genuke.
Horrek esan nahi du euskarak ez lukeela lortuko Maltako hizkuntzak duen kategoria ofiziala, ezta Irlandako gaelikoak duen onespena ere, baina Gales, Eskozia eta Akitaniako hizkuntzen gainetik kokatuko litzatekeela lege-estatusari dagokionez.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, PSOEren proposamenak "errakuntza historikoa" gainditzen lagunduko du, Espainia Europar Batasunean sartu zenean ez baitziren kontuan hartu Estatuko hizkuntza koofizialak.
Proposamena serioa dela frogatu nahian edo, Patxi Lopezek, PSE-EEko idazkari nagusiak, zera esan du: "sozialistek ahaleginak eta bi egingo dituzte euskara eta Espainiako gainerako hizkuntzak Europan present egon daitezen". Antzeko hitzak erabili dituzte Josep Borrellek, PSOEren Europarako hautagai-zerrendako buruak, eta Irene Lapuertak, zerrenda berean agertzen den nafar ordezkariak.
EAJk ere eutsi egin dio euskarak Europan nolabaiteko estatus ofiziala izateko eskaerari, "baina ez gara konformatuko Konstituzioa itzultzearekin", esan du Josu Ortuondok, Galeusca koalizioak aurkezturiko zerrendako bigarren hautagaiak.
Ildo honetan, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria euskara Europan ofiziala izatearen alde azaldu da. Gai horretan bat dator Mikel Irujo Herrien Europa koalizioaren zerrendako bigarren hautagaiarekin. Rodríguez Zapateroren kargu hartzearen alde bozkatzeko, ERCk Estatuko hizkuntza guztiak ofizial bihurtuko zituen lege bat egitea proposatu zion PSOEri, Europan estatus juridikorik gorena bermatzeko asmoz.
Geroak zer ekarriko digun zain gauden bitartean, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) erakundeak gogor kritikatu du Europako konstituzio proiektua, "Estatuen esku uzten baitu", bere esanetan, eremu murritzeko hizkuntzen etorkizuna. "Konstituzio horren arabera, Europan ere euskaldunok bigarren mailako hiritarrak izango gara", ziurtatu du EHEk.
Europar Batasunak Eurokarta izenaz ezagutzen den Eremu Murritzeko Hizkuntzei buruzko Agiria onartu zuen 1992an. Dokumentuak ofizialak ez diren beste hainbat hizkuntzaren existentzia azpimarratu eta hizkuntza hauen geroa segurtatzeko neurriak proposatzen ditu. Frantziak Konstituzioa aldatu zuen gutxiengo hizkuntzen onespena ekiditeko eta Espainiak duela hiru urte onartu zuen Eurokarta.
Hala ere, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Europako Kontseilura igorri duen txosten baten arabera, PP Gobernuan izan den urte hauetan guztiotan, Espainiako Estatuak ez du bete Eurokartaren edukiak ezagutaratzeko konpromezua ere.
Duela bi aste, Europako Kontseiluaren ordezkari batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakunde eta kultur elkarteekin bildu ziren Eurokarta betetzen den ala ez aztertzeko. Bilera horretan kezkati samar agertu ziren euskarak Nafarroan bizi duen egoeraz.
800 milioi
Maiatzaren 1etik, Europar Batasunak 20 hizkuntza ofizial ditu. Ondorioz, Europar Batasunak 800 milioi euro gastatu beharko ditu urtero testu juridikoak hizkuntza ofizial guztietara itzultzeko. Hiru urte barru, egoera are babilonikoagoa izango da Bulgaria eta Errumania sartzen direnean. Europan ofizialtasuna lortzen duen hizkuntza berri bakoitzeko, 28,6 milioi euroko inbertsioa egin behar izaten da.
Hala ere, barruko lanak eta gestioak erraztearren, Europako Batzordearen inguruan hiru hizkuntza baino ez dira erabiltzen: ingelesa, frantsesa eta alemana.
Errealitate burokratiko honen atzean, badago beste datu bat kontuan hartu beharrekoa: Europar Batasunean, 40 milioi pertsona baino gehiago -populazio osoaren %10,53- han-hemenka barreiatutako eremu murritzeko 35 hizkuntzez mintzo dira. Hizkuntza hauetako batzuek hedapen handiagoa dute zenbait mintzaira ofizialek baino. Berrikitan Europan ofizialtasuna lortu duen Maltako hizkuntzak, esaterako, 400.000 hiztun esterik ez ditu.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 6 de junio de 2004