Euskal literaturaren ordezkaritzak parte hartu du Ingalaterran egin den itzulpengintza gaineko mintegian. East Angliako Unibertsitateak bost urtetan jarraian antolatu du ekimen hau eta aurtengoan antolatzaileek euskarari ere leku egin diote, arabiera, ingelesa, alemana, espainiera, frantsesa eta italierarekin batera.
Literatur itzulpenak dituen zailtasunaren inguruan iharduteaz gain, Aurelia Arkotxa edota Luisa Etxenikeren obren atal batzu itzuli dituzte.
Norwich hirian mundu osoan diren itzultzaile onenekin egin du topo euskal ordezkaritzak. Jaurlaritzaren Kultur Sailaren eta CEDROren babesean (Espainian idazleen, itzultzaileen, kazetarien eta argitaratzaileen jabetza intelektualaren eskubidea defendatzen dituen elkartea), bestek beste Aurelia Arkotxak berak, Amaia Gabantxok eta EIZIEko (Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) koordinatzaile Maria Jose Olaziregik osaturiko bederatzi ordezkariko taldea joan da Erresuma Batura.
East Anglia Unibertsitatean, euskal ordezkariekin lanean aritu direnak ez dira nolanahikoak izan. Bertan ziren, besteak beste, Emanuel Moses frantsesa, Hussain al-Mozany irakiarra, Edgardo Cozarinsky argentinarra, Stephen Watts poeta ingelesa eta Anne McLean; azken honek, esaterako, Julio Cortazarren obra itzuli du ingelesera.
Lan egiteko medotoak ere garrantzi berezia du. Idazlea aurrean dela, hiru lagunek haren obra itzultzen dute, testua lauen artean adostuz, momentuko dudak eta zailtasunak elkarrekin konponduz. Honela, Aurelia Arkotxak besopean ekarri du Septentrio narrazioaren atalen bat ingelesera itzulita. Horrezaz gain, euskal ordezkaritzak Moris Farhi turkiarraren obrak euskaratu ditu ingelesetik eta urrian Frankfurten izango den azokarako lanak ere aurreratu dituzte.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 19 de julio de 2004