Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Gaiak

Heroismoa eta kostunbrismoa

Artez Blai Kultur Elkarteak euskal antzerkigintzaren azken 25 urteotako historia laburbiltzen duen liburua aurkeztu zuen duela bi aste, Santurtziko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren zilarrezko ezteguekin bat eginez.

Liburuak Karraka, Geroa, Tarima, Cobaya eta euskarazko antzerkigintza gerra osteko loalditik iratzartzen lagundu zuten beste talde batzuen ahaleginak goraipatzen ditu.

Historiara pasatu diren izenburu mitikoak ere gogorarazten ditu: Akelarreren ¡Guerra ez!, Maskaradaren Gastibeltzaren karabinak, Ttanttakaren Agur, Eire, agur edo Gorringo taldearen Kutsidazu bidea, Ixabel; bai eta Kriseilu eta Jarrai konpainien 60ko eta 70eko hamarkadetako ahaleginak ere.

Talde haietako asko antzerki eskola gisa sortu ziren. Hala gertatu zen duela 30 urte Geroa eta Tarimarekin, eta ildo horrexetik etorriak dira geroztik Ttanttaka, Ur Teatroa eta Markeliñe.

Jaime Azpilikueta donostiarrak Euskadiko Antzerki Nazionala eratzeko asmoa haizeatu zuen 1984an eta garai bertsuan, Antzerti eskola ofiziala jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak. Urteak joan eta urteak etorri, ordea, egungo euskal aktore nagusien trebaleku izan zen akademia desagertu eta Antzerki Nazionalaren proiektua ahaztuta geratu zen.

Geroztik, euskarazko antzerkigintzak bertsio bikoitzen sistemari atxikita iraun du. "Normalean, erdarazko obrak itzultzen dira, eta euskaraz idatzitakoetan, kostunbrismoa eta umorea erabili izan dira nagusiki arrakasta lortzeko", esan du kezkati Eneko Olasagastik, Eskena antzerki ekoizleen elkarteko buruak.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 28 de noviembre de 2004