Euskararen Etxea egia bihurtu da dagoeneko. Hiru urteko lanen ondoren, abenduaren 3an egitekoa zen inaugurazioa, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Baina antolakuntza mailako arazoak medio, lau egun atzeratu behar izan da ekipamendu berri hau jendearentzat zabaltzeko ekitaldia. Hasiera-hasieratik, beraz, Euskararen Etxea hizkuntzaren gora-beherak laburbiltzeko asmoz sortua dela esan dezakegu.
Proiektua Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu da, 1.700.000 euroko inbertsioa medio. Euskaltzaindiak Plaza Barriko egoitza zabaldu zuenetik, Euskararen Etxea da, dudarik gabe, Bilbon euskalgintzaren arloan sortu den azpiegiturarik garrantzitsuena.
Erakusketa iraunkorra eta Mediategia dira ekipamendu berri honen osagai nagusiak
Zentroa turismo zirkuituen barruan sartu nahi dute bisitariak erakartzeko
Gotzon Loberak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Sustapenerako zuzendariak, argi utzi nahi izan du San Inaziokoa ez dela adituentzako zentroa. "Euskararen Etxeko ateak zabal-zabalik daude euskaltzaleentzat eta euskarari buruzko gaietan interesa izan dezaketen pertsona guzti-guztientzat", esan zuen astearteko inaugurazio ekitaldian.
Loberak "bilgune" hitza erabiltzen du Euskararen Etxea zer den adierazteko. Alde batetik, Euskararen Etxea hizkuntzaren aldeko ekimenak eta ahaleginak bideratzen dituzten gizarte eragileek "lan bateratua egiteko gunea" izatea nahi dute proiektuaren sustatzaileek.
Ildo honetan, hizkuntzaren normalkuntzan lan egiten duten zenbait elkarte eta erakunde -Bizkaiko Ikastolen Elkartea (BIE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Mendebalde Kultura Alkartea eta Topagunea- Euskararen Etxeko azken bi solairuetan finkatu dituzte Bilboko bulegoak.
Bigarren solairuko Mediategiak orain arte euskaraz argitaratu diren multimedia material guztiak probatzeko aukera ematen du, gure hizkuntzarekin zer ikusia duten mundu osoko webguneen bilduma ere eskainiz.
Hala eta guztiz ere, hizkuntzaren dibulgaziorako ekipamendu berri honen alderdirik erakargarriena, publiko orokorrarentzat diseinatu duten Euskararen Interpretazio Zentroa da, eraikinaren lehen solairuan kokatuta dagoena.
Euskararen jatorria eta nondik norako linguistiko eta historikoak laburbiltzen dituen erakusketa iraunkor hau tren geltoki baten antzera antolatu eta dekoratu dute. Harrera-gelan, esate baterako, denetariko test eta joko interaktiboak jarri dituzte, eta euskararen trenaren barruan, Bat eta asko eta Atzo eta gaur izeneko bagoietan, euskalki desberdinetako soinuak eta hizkuntzaren jatorriari buruzko teoriarik ezagunenak araka daitezke.
Hizkuntzaren geltoki bitxi honetako nasa eta tunelean, azkenik, Plazaola izeneko kultur aldizkari digitala, euskararen errealitatea islatzen duen ikusentzunezkoa, gure hizkuntza present dagoen nazioarteko sei unibertsitate eta 40 Euskal Etxeen inguruko informazioa eta bestelako datu interesgarriak ezagutarazten dituzten panelak eta erakusgailu digitalak aurki ditzakegu.
Euskararen Etxearen sustatzaileek teknologia berriek eskaintzen dituzten abantailez baliatu dira hizkuntzari buruzko erakusketa iraunkor hau antolatzeko. Nolanahi ere, Euskararen Interpretazio Zentroak Eusko Jaurlaritzak 1987an herriz herri antolatu zuen Euskal hitz erakusketa ibiltaria gogoratzen du alderdi askotan.
Oraingo proiektua, dena den, orduko erakusketa baino askoz ere handiosagoa da. Gotzon Loberaren hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren helburuetako bat, "Euskararen Interpretazio Zentroa Bizkaiko eta Bilboko turismo-zirkuitu iraunkorren barruan sartzea" da, Euskal Herrira hurbiltzen diren bisitariei euskararen berri ezagutzeko aukera eskainiz.
Ez da kasualitatea, beraz, Euskararen Etxea Bilboko San Inazio auzoan kokatuta egotea, kultur etxe zaharra zegoen eraikin berean, alegia. "Kokapena ezin egokiagoa zela iruditu zitzaigun honelako ekipamendu bat jartzeko, unibertsitateetatik gertu eta autobus eta metro geralekuetatik oso hurbil dagoelako", azpimarratu du Loberak.
Eraikin fisikoaz gain, Euskararen Etxea zentro birtuala ere izango da. Hasteko, instalazioak goitik behera bisitatzeko aukera ematen duen webgunea (www.euskararenetxea.net) sortu dute, eta laster, ziberbiblioteka bat abiaraziko dute, euskaraz idatzitako obra guztien ale bana gordeko duena.
Horrekin batera, euskararekin zerikusia duten gaiak bilduko dituen bideo-bildum zabala izango du. Bideoteka honetan, bisitariek edozein formatutan egindako film dokumental, erreportaia eta bestelako lanak ikusi ahal izango ditu.
Hizkuntzaren soinuak eta doinuak entzun nahi dituztenek, azkenik, Euskararen Etxeko fonotekan aurkituko dituzte zintetan, CDtan eta beste euskarrietan landutako materialak.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 12 de diciembre de 2004