Inkisizioaren jazarpenak katakunbetara bultzatu zuen Hegoaldeko Mazoneria XVIII. eta XIX. mendeetan. Diskrezioa hil ala biziko jarrera bihurtu zen orduan gartzelatik eta suaren garretatik salbu egoteko. Ingalaterrako Logia Haundiaren 1741eko agiri batek Inkisizioak Donostia aldean harrapatu zuen Nataliel Warner izeneko mazoi baten estuasunak azaltzen dizkigu, eta 1765ean Mexikon egindako autodafe batean, Juan Pablo Etxegoien itsasgizon gipuzkoarra kondenatu zuten Unibertsoaren Egile Haundiarengan sinesteagatik.
Orduko Euskal Herrian Ilustrazioaren distira zabaldu zuen Peñafloridako kondearen lagunek ere arazo bat baino gehiago izan zuten Inkisizioarekin. Baina kasu honetan, inkisidoreen susmoak egiazkoak ziren, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kide gehienek harreman ezin estuagoa baitzuten beraiekin.
Bergarako Seminarioan wolframioaren aurkikuntza lideratu zuten Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek, esate baterako, Mozart eta Haydn musikariekin batera jardun omen zuten Vienako logia batean, eta Peñafloridako kondearen semeari berari harrera ezin beroa egin zioten 1776an Pariseko Les Neuf Soeurs logian.
Ikerlari batzuen esanetan, legeak ezarritako debekuaren aurrean, logia batzuk inkisidoreen aurrean inongo heresia susmorik piztuko ez zuketen izendapenez baliatu ziren. Tesi hau aintzat hartuz gero, aisa asko uler daiteke Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen "Irurac bat" delako sinboloaren sakoneko esanahia.
Zorionez, urteak joan eta urteak etorri, Inkisizioaren zentzugabekeriak gaindituta geratu ziren, baina karlistadek Mazoneriarekiko mesfidantza mantentzen lagundu zuten.
Lurrak bilatzen
Garai hartan, Manuel Iradier esploratzailea izan zen Hegoaldeko Mazoneriak eman zuen argirik distiratsuena. Gasteizko Luz de Vitoria logiako kide izan zen. Iniziazio egunerako, "Lurrac Villazen" (lurrak bilatzen) izen sinboliko bitxia aukeratu zuen.
Baina Mazoneriaren eragina uste baino askoz ere begi-bistakoagoa izan zen. Adituen hitzetan, gaur egungo elkarte gastronomikoen jatorria Inkisizioaren aurrean diskrezioz jokatu beharra zuen XVIII. eta XIX. mendeetako ezkutuko Mazoneriarekin lotuta egon liteke.
Gizonez osatuta zeuden, Mazoneriaren hasierako logien antzera, eta batzar mazonikoetan bezalaxe, erabat debekatuta zegoen erlijioaz edo politikaz aritzea.
Lehen elkarte gastronomikoaren izenak berak ere -La Fraternal- kutsu mazoniko handia du, eta haren ondorengo Unión Artesana izenekoaren logotipoak elkarri lotutako bi esku erakusten ditu, Peñafloridako kondeak Azkoitiko jakintsu koadrilarako aukeratu zuen sinboloaren antzera.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 4 de abril de 2005