Nicolas Landuchio italiarrak osatu zuen 1562an lehenengo euskal hiztegia, Bocabularioa ezqueraz jaquiteco eta ezqueraz verba eguiteco izenburupean. Obra garrantzitsu honek ia 400 urtez itxaron behar izan zuen moldiztegitik pasatzeko. Nor eta Orotariko Euskal Hiztegia abiarazi zuen Koldo Mitxelena irakaslea izan zen, Manuel Agudekin batera, Landuchioren hiztegiaren lehen argitalpena prestatu zuena, 1958 urtean.
Landuchiok hiztegia idatzi zuen garai beretsuan, Joanes Leizarragak hitz zerrenda laburra sartu zuen Testamentu Berria-ren amaieran, Çuberoaco herrian usantçatan eztiraden hitz bakoitz batzu hango ançora itzuliac, baina ezin daiteke hiztegitzat jo, terminoaren esanahi hertsian.
Ildo honetan, inprimategitik ateratako lehen euskal hiztegia Manuel Larramendi andoaindarraren Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín izan zen, 1745ean plazaratu baitzen. Zenbait urte lehenago, Joanes Etxeberri Sarakoa mediku lapurtarrak lau hizkuntzatako hiztegi erraldoia idatzi zuen. Pierre D'Urte fraide kaputxinoak Dictionarium Latino-Cantabricum idatzi zuen orduan, eta hura ere alferrikako ahalegina izan zen, eskuizkribua ez baita argitaratu gaurdaino.
Antzeko zerbait gertatu zitzaion Sylvain Pouvreau-ren hiztegiari ere XVII. mendean, Rafael Mikoleta bilbotarrak Modo breve de aprender la lengua vizcayna liburuska, hiztegi eta guzti, idatzi zuen sasoi berean.
Larramendiren argitalpenaren haritik, Bergarako ilustratuek autoritate-hiztegia osatzeko proiektua landu zuten -proiektua besterik ez-, eta Joseph Agustin Chaho kazetari zuberotarrak euskal hiztegia argitaratzeari ekin zion 1856an, baina 'eme' letrara iritsita, lana bertan behera utzi zuten.
Bigarren euskal hiztegi historikoa Jose Frantzisko Aizkibel azkoitiarraren Euskeratik erderara biurtzeko itztegia da, 1885ekoa. Pedro Novia de Salcedo bilbotarrak Diccionario etimológico del idioma bascongado publikatu zuen Tolosan 1887an, eta hurrengo urtean, Jose Maria Lakoizketa Narbarteko erretoreak Diccionario de los nombres euskéricos de las plantas hiztegi bitxia argitaratu zuen Iruñean.
XX. mendean, Azkuek hiztegi hirueleduna osatu zuen 1905ean, eta Raimundo Olabide jesuita gasteiztarrak 7.000 hitz inguru batu zituen 1917an Giza-soña hiztegi zientifikoan eta Plazido Mujikak Diccionario castellano-vasco argitaratu zuen 1965ean.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 9 de mayo de 2005