Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
GAIAK

Idazle Eskolako ikasleen lanak bigarren aldiz argitaratu dituzte

Fur izango nintzela erabaki zuten arra edo emea suertatuko nintzen jakin baino lehenago. Fur edo F.U.R, Finisterre, Ushuaia eta Rovaniemi batzen zituen izen laburrena delako jarri zidatela imajinatzea gustuko dut".

Urruneko lurrak eta bidaiak iradokitzen dituen pasartea Luma berrien eleak literatur aldizkarian jasotzen diren lanetako baten hasiera da. Bergarako Idazle Eskolak bigarren aldiz plazaratu du, ikasleen lanak ezagutzera emateko helburuarekin. Argitalpena hainbat liburu-dendatan jarri dute salgai eta zenbait testu Interneten ere irakur daitezke, www.idazleak.org webgunean.

Berriki aurkeztu den aldizkariak 64 orrialde ditu, iaz argitaratutakoak baino 12 gutxiago. Baina horrek ez du esan nahi ikasturte honetako literatur uzta txikiagoa denik, eskolaren arduradunek bi zenbakitan banatu nahi baitituzte ikasleek aurten idazten dituzten testuak. Bigarrena uda ostean aurkeztu nahi dute.

Aldizkariak zortzi atal nagusi ditu: Iritzia, Narrazioak (artikuluaren hasieran argitaratutako pasartea sail horri dagokio), Poesia, Irakurketak, Antzerkia, Solas eta Jolas (genero desberdinak nahasten dituzten testuak biltzen ditu), Kronika eta Nor da Nor. Azken atal honetan aldizkarian parte hartzen duten idazleei buruzko datu biografikoak biltzen dira. Horrez gain, Iban Zaldua idazleari ikasleetako batek egindako elkarrizketa sartu dute.Guztira 34 ikaslek hartu dute parte zenbaki honetan.

Eskolako ikasleek sortutako literaturaz gain, idazle kontsakratuen lanez haiek egindako berri laburreinei ere egin diete lekua argitalpenean. Atal horretan Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberriari buruzko artikulua jaso dute, besteak beste.

Argitaratzeko bidea

Ikasleei "argitaratzeko bideak" ematea helburu duen aldizkaria idazlegaien beraien ekinez sortu da. Izan ere, proiektu profesionala ez denez gero, ikasleak arduratzen dira banaketaz. Salneurria ere ez da inor ikaratzeko modukoa: hiru euro, urte batzuk barru liburu-dendetako apalategiak bete ditzaketenen lehenbiziko lanak dastatzearen truke.

Idazle Eskola 2003. urtean sortu zen Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez. Bergarako UNEDen (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionala) du egoitza. Ikasleak larunbatero hartzen dituzte eskolak.

Hasieratik hizkuntzaren baliabide sortzaileak irakastea izan zuen helburu eskolak. Horretarako, bi ikasturtetan banatu zituzten edukiak. Lehenbizikoan, sorkuntza baliabideak jorratzen dituzte bereziki, hizkuntzaren zuzentasuna, testuaren koherentzia eta diskurtsoaren arauak, alegia. Bigarren ikasturtean, berriz, testugintza literarioari ematen diote garrantzi gehien eta ikasle bakoitzaren ezaugarrien arabera antolatzen dituzte eskolak.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 16 de mayo de 2005