Euskaraz ez dakien bati urtean euskarazko zenbat liburu irakurtzen dituen galdetuz gero, erantzuna zein izango den aldez aurretik dakigu". Esaldi horrekin laburbildu zuen Jorge Giménezek Galeuscako kideek duten kezka nagusietako bat: ordezkatzen duten sektorearen tamainari buruzko txosten edo ikerketa fidagarririk eza.
Editore hauen arabera, orain arte liburugintza arloaren datu ekonomikoei eta irakurzaletasunari buruz egin diren ikerketek ez dituzte aintzat hartu euskaraz, galizieraz eta katalane irakurtzen dutenen ezaugarri soziolinguistiko bereziak. Datu horiek enpresen estrategiak erabakitzeko funtsezkoak izanik, sektorearen benetako tamaina zein den argituko duen ikerketa abian jartzea erabaki dute. Horretarako erabiliko den prozedura Frankfurteko hurrengo azokan onartuko dute, baina aurretik horren zirriborroa prestatuko du txandakako lehenbiziko idazkaritza teknikoak.
Euskal editoreak aspalditik ari ziren euskarazko argitaletxe sektoreari buruzko ikerlana bultzatu nahian. Hain zuzen ere, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren iazko edizioan egin zuten, proiektu horri bultzada ematea erabaki zuten.
Egitasmoa errealitate bihurtuko da laster, urtea bukatu aurretik -edo 2006aren hasieran beranduenik- bukatuko baitute lehenbiziko txostena. Lana enpresa pribatu batek egingo du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesarekin. Besteak beste, sektoreak duen negozio kopurua eta bertan zenbat langile ari diren argituko ditu.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Domingo, 12 de junio de 2005