Bost urtez behin ameriketara joandako euskaldunen ondorengoek ospatzen duten topaketa hilaren 27an abiatuko da Idaho estatuko Boise hirian. Bertako Euskal Etxeak antolaturik, Jaialdi 2005 ekimenak zuzeneko musika, dantzak eta kirol erakustaldiak eskainikiko dizkie bisitariei eta diasporako kideei.
Jaialdia 1987an hasi zen antolatzen Boiseko Euzkaldunak elkartea eta geroztik lau edizio bete ditu. Bere bultzatzaileen asmoa "tradizioa, heziketa, kultura eta entretenimendua" uztartuko zituen topaketa martxan jartzea zen. Ekimenaren arrakasta ikusita (30.000 lagun inguru bildu ziren lehenbiziko edizioan) hiru urte geroago horri segida ematea erabaki zuten, 1990ean bete zen Idaho estatuaren mendeurreranarekin bat eginez.
Bigarren edizio hark ere antolatzaileen aurreikuspenak bete zituen eta, handik aurrera, jaialdia bost urtetik bost urtera egitea erabaki zuten.
Aurtengo edizioa hainbat historialari, hezitzaile eta irakaslek parte hartuko duten euskal kulturari buruzko hitzaldi sortarekin hasiko da. Ondoren, kirola eta folkloreari bereziki eskainitako jardunaldi bana izango da, Euskal Herritik joandako taldeen partehartzearekin. Uztailaren 30ean, euskarazko meza emango dute Saint John's eliza nagusian.
AEBetako estatuetatik Idahok du euskal jatorrizko komunitaterik handiena. Gehienbat Bizkaitik joandako etorkinak hartu zituen lurralde hark XIX. mendearen hasieran. Mmunduan barrena berehala hedatu zen pertsona zintzo eta langileen irudia sortzen lagundu zuten pertsona horiek.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Sábado, 16 de julio de 2005