Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Gaiak

Jostailuek eta erantzungailuek euskaraz hitz egingo dute Aditu programari esker

Hizketan dakiten jostailuek eta enpresa askotan erabiltzen diren telefono bidezko arreta-zerbitzu errobotizatuek euskarazko bertsioa izango dute aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen Aditu programari esker. Programaren helburua, euskarak "beste hizkuntza hedatuago batzuen pareko zerbitzuak" eskaintzeko aukera izatea da, Miren Azkarate sailburuaren esanetan.

Ametsa errealitate bihurtzeko ahaleginean, Euskal Herriko eragile teknologikoek (enpresek, unibertsitateek eta adituek) elkarlanean jardun dute bi urtez Belgikako Nuance konpainiarekin.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen 2003an Nuancerekin, enpresa honek Norvegian eta Danimarkan garatu dituen ahots-zerbitzuen euskarazko bertsioa lan zezan. Harez geroztik, 1,2 milioi euro inbertitu ditu corpusa osatu eta aplikazio informatikoak lantzeko.

Lan horien ondoren, 25 milioi hitzez osatutako testu-corpusa gauzatu da, baita 60.000 sarrera dituen base lexiko fonetikoa eta telefoniarako datu base akustikoa ere. Aditu programaren bitartez, erabiltzaileek hitzorduak zehaztu, kexak bideratu, telefono-zenbakiak bilatu eta hegazkin edota autobusen ordutegiak eskatu ahal izango dituzte, "robotaren ahots metalikoaren zantzurik ez duen ahots automatizatu baina atsegin baten bidez", zehaztu du Azkaratek.

Bizkaiko Foru Aldundia izan da, errentaren kanpainan, Aditu programa erabili duen lehen erakundea. Sistemaren funtzionamendu egokia ikusita, Jaurlaritzak milioi bat euro banatuko ditu diru-laguntzetan sistema hau instalatzen duten enpresen artean.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 12 de junio de 2006