Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Gaiak

Testuinguruaren garrantzia

"Euskara agortzen ari da, eta ez dago haren desagerpena galarazi dezakeen giza indarrik, bizitzaren legea delako hiltzen ari baita. Ez gaitzala goibeldu bere gorputza hiltzeak, bere arimak hobeto biziraun dezan baita". Unamunok 1901eko hitzaldi batean esan zituen hitz horiek. Entzule asko harri eta zur geratu ziren, batez ere hizlaria euskaltasunaren defendatzaile sutsutzat baitzuten. Batzuek haren aurka egiteko aitzakiatzat erabili dute orduan esandakoa. "Topikoek beti daukate egia apur bat", aitortu du Iñaki Sotok. Hala ere, hitz haiek "testuinguru jakin batean" egin zirela zehaztu du. "Ez daude lotuta euskararekiko gorrotoari edo euskararekiko jarrera ezkorrari, baizik eta orokorrean une hartan Europan zeuden korronte soziolinguistiko nagusiei: positibismoari". Horren arabera, "termino utilitaristetan", espainierak etorkizun gehiago zuela uste zuten askok eta, beraz, euskarari ez zitzaiola "garapenerako aukerarik" eman behar.

Juanjo Lanz EHUko Literaturako irakaslearen iritziz, Unamunori buruz hitz egitean beti "erraietatik" aritu zela ulertu behar da. "Jokabide horren bidez idazleak ere erraietatik uler dezaten nahi du, intelektualki baino", argudiatu du. "Horren harira sor daitekeen arazoa da euskal gaiaren inguruan duda-mudatan ibili zela", erantsi du.

"Unamuno politikoki erabili izan dute. Ez dezagun ahantz Millan Astrayri aurre egin ziola Salamancan", gogorarazi du Lanzek. Izan ere, 1936 urrian bere burua hiltzeko arriskuan jarri zuen hiri horretako unibertsitateko paraninfoan jeneral faxistarekin izan zuen eztabaida latzaren ondorioz. "Garaitzea ez da konbentzitzea", esan omen zion idazleak, militarrak metrailetaz armatutako legionarioak lagun zituela. "Ezin da bere pentsamendua interpretatu testuingurua aztertu gabe, ezta bere euskaltasuna ere".

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 10 de julio de 2006