Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Gaiak

Napoleon III.a enperadorearen "jatorrizko bizkaitar" semea

Gernikako Batzar Etxea gertakari bitxi baten eszenatoki bihurtu zen duela 150 urte. Bildutakoek ondo gogoan zituzten lehen karlistadaren ondorio latzak. Espartero eta Marotoren arteko besarkadari esker, foruak beren horretan mantendu ziren formalki, baina Bizkaiak jaurerri burujabe izateari utzi zion.

Lege zaharren defendatzaileek galdutzat jotzen zuten lehengo egoerara itzultzeko itxaropena, harik eta, Montalban eta Arteaga dorreetako andrea Frantziako tronuaz jabetzera destinatuta zegoen haur batez erditu zen arte.

Andre hura Eugenia de Montijo zen, Artegako jaun-andreen oinordeko, Tebako kondesa, Napoleon III.aren emazte eta Frantziako enperatriza.

Jaiotzez granadarra bazen ere, haurtzaroa eta gaztaroa Madrilen eta Parisen eman zituen. Frantzian, Sebastian Iradier arabarra, eta Carmen eta Il barbiere di Siviglia operak konposatu zituzten Prosper Mérimée eta Gioacchino Rossiniren gortesau-koadrilako kide egin zen.

Orduantxe ezagutu zuen Luis Napoleon, Errepublikako presidentea. Napoleonek bigarren inperioa inauguratu zuen 1852ko urrian, eta hiru hilabete geroago, Eugenia Frantziako enperatriz bihurtu zen Notre Dameko aldarean, 32 urte zituela

Ingalaterrako Victoria erreginaren sostenguaz, Napoleonek Italia eta Alemaniako sentimendu nazionalak suspertzeari ekin zion, Erromako Eliza eta Inperio Austrohungariarra menperatze aldera.

Tirabira geopolitiko horien erdian, Marx, Darwin, Mendel, Lincoln eta abarri esker, geroko pentsamenduaren oinarriak finkatu ziren, baina Pio IX.a aita santuak bekatu larritzat jo zituen 1864an "arrazionalismoa, liberalismoa, demokrazia, sindikalismoa, modernismoa, sozialismoa, komunismoa eta mazoneria".

Napoleon III.aren seme Eugenio Luis 1856ko martxoan jaio zen, eta urte bereko uztailaren 17an, Bizkaiko Batzar Nagusiek "leinu ospetsuko jatorrizko bizkaitar" izendatu zuten ahobatez. Eugenio Luis foruzaleen esperantza izan zen, baita enperatrizaren bihar-etziko apustua ere senarra hildakoan, baina 1879ko ekainean, printze inperiala zuluen aurkako guduan hil zen, Ingalaterrako erreginaren zerbitzura.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 17 de julio de 2006