Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
HISTORIAN BEHIN | Gaiak

Nazioarteko zuzenbidearen sortzailea

Hezueriak hilobira eraman zuen 1546ko abuztuaren 12an Frantzisko Vitoria fraide domingotarra. Nazioarteko zuzenbidearen sortzailea, ganboar leinukoa aitaren aldetik, Gasteizen jaio zen Cristobal Colon Amerikara iritsi zen urte berean. Gazterik, amaren sorterrira eraman zuten bizitzera, Burgosera.

Anaia Diegorekin batera, Domingotarren ordenean sartu zen 1504.ean, eta lau urte geroago, ordenak Pariseko Sorbonari atxikita zeukan Saint-Jacques ikastetxera bidali zuten. Han, Platon eta mundu klasikoa berrirakurtzeari ekin zion Ernazimenduko jakintsu gehienen antzera, eta Teologia irakasten hasi zenean, San Tomas Aquinokoaren Summa Theologiae aldarrikatu zuen Kristautasunaren entziklopediatzat.

Hamabost urteren buruan, Valladolidera aldatu zen, eta 1526ko irailean, Salamancan finkatu zuen hil arteko bizilekua. Horko unibertsitatean diktatu zituen nazioarteko zuzenbidearen oinarriak, Vitoria hil eta 11 urte geroago Relectiones Theologicae izenburupean argitaratu zirenak.

Frai Joan Zumarraga durangarra eta beste misiolari batzuen bitartez, gasteiztarrak espainiarrek Ameriketan egindako triskantzen berri jakin zuen, eta barrabaskeriari erantzunez, zalantzan jarri zuen enperadorearen eta aita santuaren boterea, indarren eskubideak aldarrikatuz eta gerrari muga etikoak jarriz.

Karlos V.ak Trentoko Kontziliora bidali nahi izan zuen 1545.ean Luteroren erreformei aurre egiteko, baina hezueria oso aurreratuta zeukan ordurako.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 14 de agosto de 2006