Modernitate ondorengoak hainbat arazo planteatzen ditu. Izenetik hasiz, gaur egun modu askotara deitzen baita: modernitate ondorengoa, gain modernitatea, ultra modernitatea. Izanetik jarraituz, modernitate ondorengo deituz gero, badirudi modernitatea atzean utzi duela eta beraz beste mugimendu bat dela adierazten dugula, eta gain modernitatea edo ultra modernitatea izendatuz esaten ari gara modernitatearen barnean dagoen aro bat dela hori.
Zertzelada espezializatuak alde batera uzten baditugu, modernitate ondorengoari gainean jarri zaion lehen ezaugarria bere azalkeria da. Baina beste alde batetik modernitate ondorengoak baztertuen aldeko sentsibilitate berriak sortu ditu. Alde batetik, ekologiaren defendatzaile sutsua bihurtu da, eta ekologia modernitate ondorengoaren ardura nagusia bihurtu zaigu. Bigarren zertzelada garbia baztertuen alde, dela kolonialismoaren aurkakoa joera, dela gutxiengoen aldeko joera.
Joera feminista ere mundua ulertzeko modu horren barnean kokatu behar dugu. Euskal literaturan aspaldian ari dira lanean emakumeen lana kanonaren barnean kokatzeko asmoz, edo bestela, anti-kanonak sortuz, hau da emakume literaturaz soilik egindako kanonak sortuz. Ana Urkizak ekarri digun elkarrizketen liburu horrek badirudi bide hori jarraitzen duela.
Baina beste liburu batzuk ere aipatu nahi nituzke. Bi dira liburuak eta berebiziko zirrara egin didate gure euskal literaturaren barnean horrelakorik ez dudalako aurkitu.
Lehena María Rosalek argitaratu duen Con voz propia liburua da. Gazteleraz emakume idazleek egindako poesiaren antologia da. Baina hori baino gehiago ere izan nahi du, emakumeek egindako poesiaren historia bat, eta 1970. urtetik 2005era emakumeen poesiaren ikuspegi zabala. Hiru zati zabal ditu liburuak. Lehena historikoa da, emakume idazleek egindakoa aztertzen da bertan. Ondorio nagusia, kanonaren azterketa berri bat behar dugula, emakume idazleek egindakoaz sentsibilitate berria, azken batean.
Bigarren zatian liburuak antologia bat prestatu du. Hurrenkera kronologikoa jarraiki, egile bakoitzaren poema bana eskaintzen da, Julia Ucedarekin (1925) hasi eta Elena Medelekin (1985) bukatuz. Badira zerrendan euskal idazleak: Julia Otxoa, Eli Tolaretxipi, María Maizkurrena, Amalia Iglesias. Agian liburuko alderik ederrena da, zenbat diren eta zein desberdinak diren ahots poetikoak erakusten duelako. Hirugarrenean egileek eurek azterturiko testu komentarioak eman dira.
Beste liburu bat ere izan dut esku artean. Balbina Prior kordobarraren Final de entrega antologia, genero indarkeriaren aurkakoa. Egia da honelako prestakuntzak oso desorekatuak izaten direla, eta badirela bildumarako propio idatzitako poemak eta horiek izaten direla eskasenak, baina orokorrean, liburuak ez du soilik harridura ekartzen, espantua sortzeko liburu bat da, indarkeriaren aurrean isilik ez geratzeko proposamena.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 15 de enero de 2007