Ekaia aldizkariak bederatzi urte daramatza Euskal Herriko Unibertsitatean egiten den ikerketa zientifikoaren berri ematen. Josu Jugo (Galdakao, 1968) Sistemen Ingeniaritza eta Automatikako irakasleak argitalpena zuzentzeko ardura hartu berri du bere gain, hura ikasleen artean ezagunago bihurtzeko helburuarekin. Unibertsitateak dibulgazioari ematen dion garrantzi txikiaz kexu, gizartearen eta zientzialarien artean "zubiak" sortzearen aldekoa da.
Galdera. Zer helbururekin hartu duzu zure gain aldizkariaren zuzendaritza?
Erantzuna. Batez ere argitalpena hobetu eta ezagunago bihurtu nahi dugu. Horrekin batera, zabalpen sarea sendotu nahi dugu, orain arte bereziki Zientzia Fakultatean izan baita ezaguna. Gainera, loturak sortu nahi ditugu beste zentroekin dibulgazio alorrean, eta aldi berean argitalpena Interneten bultzatu.
"Unibertsitateak ez du behar beste baloratzen zientzi dibulgazioa"
"Espezializazio handikoa denez, zaila da teknologiaz dibulgazioa egitea"
G. Ikerkuntzan ari diren EHUko irakasleak jabeturik daude dibulgazioak duen garrantziaz?
E. Orokorrean hitz egitea oso zaila da. Badaude benetan kontzientzia dutenak eta beste batzuk ez dutenak. Guk kontzientzia hori bultzatu nahi dugu, hemen egiten den ikerkuntza gizartera zabaltzea nahi baitugu. Gure fakultateak ezezagunak dira, eta batzuetan, erakundearen aldetik ez dugu ahalegin handirik egin hemen gauza interesgarriak egiten direla erakusteko. Lan handia dugu esparru horretan egiteko.
G. Euskadiko ikerkuntzaren %90etik gora Unibertsitatean egiten da, baina horrek ez du neurri bereko islarik argitaratzen diren artikuluetan. Zergatik?
E. Alde batetik, horrela da. Bestetik, hemen egiten diren gauza asko zailak dira egunkari baten bidez azaltzen. Agian pedagogia hori falta da Unibertsitatean, jendeak ulertzeko moduan azaltzeko gai izan gaitezen. Dena den, Unibertsitatean gauza asko aldatzen ari dira esparru horretan ere.
G. Nork hartu beharko luke bere gain zientzia gizartera hurbiltzeko ardura?
E. Gure helburua formakuntza ertaineko jendearengana heltzea da. Hala ere, argi dago adibidez informazio zientifikoa egunkarien bidez zabaltzeko estilo erakargarria erabili behar dela. Gure lana izan behar luke interes hori pizteak. Dena den, ez da batere erraza. Beharbada Unibertsitatearen aldetik ez da behar beste baloratzen dibulgazioa. Ez dut esan nahi laguntzen ez dutenik, baina gero ez da kontuan hartzen irakasleen lanaren balorazioa egiterakoan. Badira irakasle batzuk dibulgazioa hobbytzat hartzen dutenak, baina zeozer hobetu behar da garrantzi handiagoa eman diezaioten. Unibertsitatearen akatsik larriena da ikasleek beraiek ez dutela hemen egiten den ikerkuntzaren berri. Arazoa da ez dela egoki komunikatzen zer den erakundea, nahiz eta azken urteotan aurrerapauso handiak egin diren esparru horretan.
G. Teknologiak inoiz baino eragin handiagoa duen honetan, gizarteak inoiz baino mesfidantza handiagoaz begiratzen dio. Zergatik?
E. Kontua da gaur egun zailagoa dela teknologiaren garrantzia azaltzea, espezializazio maila oso handia delako. Esparru jakin batean lan egitera heltzeko espezializazio handia behar da eta bidean orokortasuna galtzen da. Testuinguru horretan oso zaila da albokoari azaltzea zertan ari zaren. Bi aldeak elkarrengandik hain urrun daudenez, gero eta zailagoa da zubiak sortzea. Baina gero teknologia hori eguneroko bizimoduan erabiltzen dugu eta, nolabait esateko, analfabeto funtzional bihur daiteke jende asko. Kultura hori ere sustatu beharko litzateke.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 3 de marzo de 2008