Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
COLUMNA

Ezbai

Badira behin eta berriro irakurri behar diren esaldiak. Lehenengo aldian argiak dirudite, gero iluntzen hasten dira, hodei lodi multzo batek irentsi balitu bezala eta, azkenik, ezin jakin zer esan nahi duten. Primo Leviren esaldi batekin has gaitezke: "Auschwitz bada; beraz, Jainkoa ezin daiteke izan". Bata ala bestea, biak batera ezin, itxura denez. Hori da atera daitekeen ondorioa. Baina, benetan, bataren ala bestearen artean aukeratu behar ote dago? Hala dirudi Primo Leviren hitzak hausnartu ondoren; izan ere, bi kontzeptu absoluturen aurrean jartzen baikaitu berak. Jainkoa guztiz ona da, eta Auschwitz guztiz gaiztoa. Bestela esanda, Jainkoa guztiz ona bada, nola onar dezake Auschwitz, gaitz absolutua, absolutu guztien artean gaiztoena. Primo Levik Auschwitz ezagutu zuen eta handik bizirik atera bazen ere, ez zuen hango egonaldi hartaz libratzerik izan. Auschwitz eraman zuen soinean azkenera arte. Har dezagun arnasa. Uste dut auzia, edo ezbaia, errazagoa dela ebakitzen. Auschwitz giza eraikina da, giza asmakuntza, giza hezurrez eta giza haragiz elikatutako munstroa. Beraz, Jainkoak ez du horretan zerikusirik batere. Gizakiak gizakiari egin dion kaltearen eredu tragikoa da, eta "tragiko" hitza bera ere, testuinguru honetan, hala moduz hartu beharra dago, alegia zuhurtzia handiz. Dena dela, aurreko azalpentxoa fededun batena litzateke. Fededun ez garenok, edo fede kontuetan, beste kontu askotan bezala, ezjakin hutsak garenok, ez genuke Jainkoa auzian sartuko. Auschwitz, bere horretan, berezia izan bada ere, Auschwitz asko izan dira munduak iraun duen aldian. Eta badira, oraindik, bakoitza bere neurri eta tamainan.

Bada beste esaldi bat, gogoan dudana, Primo Levirena bera ere. Dio ez dugula Auschwitz ulertu behar, bera ulertzea, azken finean, bera justifikatzea baita. Har dezagun arnasa. Ihesbide eskasa uzten duen esaldiaren aurrean gaude. Ulertzea ez da justifikatzea. Inguruan dugun indarkeria uler daiteke, bera justifikatzeke; edo justifika daiteke inguruan dugun indarkeria, bera ulertzeke. Bi prozesu ezberdin dira. Spinozak zioen, edozein ekintzaren aurrean, ez zegoela zertan barre edo negar egin. Ulertu beharra zegoen, baina, jakina, zerbait ulertzeko lehenagotik barre edo negar egin beharra dago. Horixe baita bizitzaren esperientzia, edo, bestela esanda, esperientziaren bizitza.

Ulertu beharra dago Auschwitz eta ulertu beharra dago inguratzen gaituen indarkeria, ulertu ondoren neurriak har baitaitezke, halakorik sekula gehiago errepika ez dadin. Ulertzeari uko egiterik ez dago, ulertzea sakontzeko bidea baita, jakiteko lehengaia. Baina, gehiegitan, ulertze prozesu neketsu eta zailaren ordez, ideia absolutua plazaratzen da, bere aurreiritziak, soldaduak bailiran, abangoardian jarririk. Erosoagoa da, ez du lanik ematen, konforma erraza da, jakina. Auzia, ordea, ez da ulertzea ala ez, baizik eta onartzea ala ez, arrazoimenaren kanpotik dauden arrazoiengatik. Auschwitz ez dago onartzerik, inguratzen gaituen indarkeria onartzerik ez dagoen bezala. Baina horretan sakontzeko beldurrak gure baitan dantza alegeran zerbait grotesko eta ezkutukoa dabilela esaten digu. Sarri askotan, geure pentsamendua ulertzeko beldurra izaten dugu, ez baitakigu noraino eramango ote gaituen.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Miércoles, 21 de octubre de 2009