Euskaltzaindia egoitza, Bilboko Plaza Barrian, herri-literaturako jardunaldiak hartuko du, gaur hasita eta martxoak 11arte. Bilbo zaharra forumak antolatutako ekitaldia da eta, beste batzuen artean, Maialen Lujanbio, Xabier Amuriza eta Gontzal Mendibil parte hartuko dute.
Ahozko literatura oroimenean oinarritzen den eta ahoz-aho transmititzen den literatura mota da. Funtzio poetikoa ahozko jardunean gauzatzen da alfabetatu gabeko garaietan, beraz, idatzizko literatura baino lehenagokoa da. Bertan sar genitzake herri-kantuak, koplak zaharrak, erromantzeak (baladak), ipuinak, bertsoak... Puntua, erritmoa, kantua eta gorputz espresioa iraupenerako bide dituztelarik iraun dute mendeetan zehar herriaren memorian.
Hitza da ekitaldiotako protagonista, errezitatzaileen eta kantarien ahotsetan. Ahozko literatura eta musika (bertsoak//kantak) uztartuz ekitaldi barnerakoiak eta, batez ere, hurbilak landu nahi ditugu. Egitasmoaren funtsa da bertsolaria zein koplaria eta musikaria elkartu, eta harreman horretatik sortzen den giro bereziaz gozatzeko aukera eskaini. Batzuetan bikote artistikoa osatua dago aurrez, eta bien arteko konplizidadea iragarria da. Beste batzuetan, aldiz, geuk elkartzen ditugu biak, eta halako performanceek ustekabe bikainak sorrarazten dituzte.
Jardunaldiok hiru helburu bete nahi dute. Lehena, euskal literaturaren historian hain inportantea den ahozko literatura aurkeztu, erakutsi, gogoratu eta aintzat hartzea. Bigarrena, haren gaurkotasunaren berri eman eta haren modernitatea aldarrikatzea, ez edonola, baizik eta galbahe lana eginez (edo "adarrak inausiz", arbolaren irudia erabiliz esango genukeenez). Hirugarrena, gogoko eta ezinbesteko jotzen dugun produkzio hori entzunaraztea, buruaren bidean ez ezik, bihotzaren bidean jarriz.
T.S. Eliot poetak esan zuenez, tradizioa ez da berez eta ahaleginik gabe ematen den bidea, baina eutsi egin behar zaiona, etengabeko lana eskatzen diguna, belaunez belaun bihurtuko bada.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Jueves, 11 de febrero de 2010