Hiru hilabete joan dira, dagoeneko, Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen irakurketa etenik gabea egitasmoaren hirugarren ekitaldia burutu zuela Arriaga antzokian. Jon Miranderen Haur besoetakoaren irakurketak egundoko arrakasta izan zuen, aurreko beste biak bezala. Irakurketak berak ez ezik liburuari buruzko hitzaldiek ere jendetzak bildu zituzten. Ondorioz, jendartean ikusmin handia zegoen Bilbo Zaharra Forumek udazkenean zer-nolako egitaraua aurkeztuko zuen jakiteko.
Halatan, bada, beste urte batez ere, Bilbo Zaharra Forumek bere aspaldiko ohiturari jarraitu eta kultur egitarau garrantzitsua aurkeztu du 2010-11 ikasturteko lehen hiruhilerako. Bertan, era askotako artistak agertzen zaizkigu; bai komunikatzaile trebeak (Xabier Euzkitze), bai idazleak (Bernardo Atxaga), bai poetak (Iñaki Irazu, Felipe Juaristi), bai musikari peto-petoak (Joxan Goikoetxea, Angel Unzu), bai kantautoreak (Jabier Muguruza, Amaia Zubiria), bai hitzaren zein musikaren artisauak (Jean Mixel Bedaxagar, Anjel Valdes).
Ekitaldi barnerakoiak eta hurbilak landu dituzte antolatzaileek
Hitza tradizioari lotua dago, ezinbestean. T.S. Eliot poetak zioenez, tradizioa ez da berez eta ahaleginik gabe ematen den bidea, baizik eutsi egin behar zaiona, etengabeko lana eskatzen duena, belaunez belaunekoa bihurtuko bada. Tradizio aberatsa esaten denean, ez da iraganeko zerbait aipatzen, baizik bete-betean presenteari dagokion ondare bat, edo zuzenago, presentea bera, hots, gure gaurko bizitza osatzeko ditugun hitzak, jakituria.
Poeta eta idazleen hitza, irakurria ez ezik, kantatua eta entzuna izan da gure oraindik oraintsuko tradizioan, eta hala da gaur egun ere. Euskal Herriko kantariek haien hitzak, haien letrak zabaltzen dituzte; sentsibilitate modernoa adierazten duten hitzak eta letrak, alegia. Eta hala, hitza da ekitaldiotako protagonista, errezitatzaileen eta kantarien ahotsetan.
Hitza eta musika edo hitza eta kantak uztartuz ekitaldi barnerakoiak eta, batez ere, hurbilak landu ohi dituzte Bilbo Zaharra Forumen. Egitasmoak helburu zehatza du: hizlaria eta musikaria elkartu, eta harreman horretatik sortzen den giro bereziaz gozatzeko aukera eskaini. Batzuetan bikote artistikoa osatua dago aurrez, eta bien arteko konplizidadea iragarria da. Beste batzuetan, aldiz, bikote artistikoa probokatua da eta, halakoetan, ustekabe bikainak gertatu ohi dira.
Hitza eta musika
- Urriak 25, astelehena, 19.00etan, Xabier Euzkitze eta Joxan Goikoetxea.
- Azaroak 4, osteguna, 19.00etan, Jabier Muguruza eta Iñaki Irazu.
- Azaroak 11, osteguna, 19.00etan, Jean Mixel Bedaxagar eta Anjel Valdes.
- Azaroak 18, osteguna, 19.00etan, Amaia Zubiria eta Felipe Juaristi.
- Abenduak 2, osteguna, 19.00etan, Erle irakurlearen saioa. Bernardo Atxaga eta beste.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 11 de octubre de 2010