Bilbo Zaharra Forumek herri-literaturaren inguruan harituko dira hilabete batez hurrengo ostegunetik aurrera.Lau saioetan zehar, musikariak eta bertsolariak elkartuko dira ahozko literaturan murgilduz.
Jardunaldiok -ostegunean hasiko dira, arratsaldeko zazpietan, Euskaltzaindiako egoitzan, Bilbon- hiru helburu bete nahi dute. Lehena, euskal literaturaren historian hain garrantzitsua den ahozko literatura aurkeztu, erakutsi, gogoratu eta aintzat hartzea. Bigarrena, haren gaurkotasunaren berri eman eta haren modernitatea aldarrikatzea, ez edonola, baizik eta galbahe lana eginez. Hirugarrena, gogoko eta ezinbesteko jotzen dugun produkzio hori entzunaraztea, buruaren bidean ez ezik, bihotzaren bidean jarriz.
Hitza da ekitaldiotako protagonista, errezitatzaileen eta bertsolarien ahotsetan. Ahozko literatura eta musika (bertsoak eta kantak) uztartuz ekitaldi barnerakoiak eta, batez ere, hurbilak landu nahi dira.
Egitasmoaren funtsa da bertsolaria zein koplaria eta musikaria elkartu, eta harreman horretatik sortzen den giro bereziaz gozatzeko aukera eskaini. Batzuetan bikote edo hirukote artistikoa osatua dago aurrez. Beste batzuetan, aldiz, geuk elkartzen ditugu, eta halako performanceek ustekabe bikainak sorrarazten dituzte.
Hamar artista
Horretarako, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen dituen jardunaldiak Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Odei Barroso, Amets Arzallus, Jon Maia eta Xabier Amuriza bertsolariak, Ander Lipus antzerkilariarekin eta Kepa Junkera, Judith Montero eta Xabier Erkizia musikariekin nahastuko dituzte saio desberdinetan.
Funtzio poetikoa ahozko jardunean gauzatzen da. Beraz, idatzizko literatura baino lehenagokoa da. Bertan sartzen dira herri-kantuak, koplak zaharrak, erromantzeak (baladak), ipuinak, bertsoak... Puntua, erritmoa, kantua eta gorputz espresioa iraupenerako bide dituztelarik iraun dute mendeetan zehar herriaren memorian.
T. S. Eliot poetak esan zuenez, tradizioa ez da berez eta ahaleginik gabe ematen den bidea, baina eutsi egin behar zaiona. Tradizio aberatsa diogunean, ez dugu iraganeko zerbait aipatzen, baizik bete-betean presenteari dagokion ondare bat.
* Este artículo apareció en la edición impresa del Lunes, 31 de enero de 2011