Selecciona Edición
Selecciona Edición
Tamaño letra
Reportaje:

Bi hamarkada berba hedatzen

Berbaro elkarteak 20 urte bete ditu euskara sustatzen - Elkartea indartzea eta gazteak erakartzen jarraitzea dira etorkizuneko helburu nagusienetakoak

Berbari arnasa ematen. Horretan aritu da hogei urtez Durangoko Berbaro elkartea, euskaraz bizitzeko uneak eta guneak sortzen. Hamaika proiektu gauzatu dituzte euskararen erabilera sustatzeko: udalekuak, Anboto aldizkaria, haur literatura aretoak, Plateruena kafe antzokia... 20 urteotan botatako izerdiak ez dira alferrikakoak izan. Horregatik, ospakizunetarako urtea da aurtengoa. Ekimen bereziak antolatu dituzte horretarako, eta hausnarketarako parada ere hartu dute. Orain arte egindakoari begiratu, eta egungo egoera aztertu du Berbarok, etorkizuneko erronkak eta bidea finkatzeko.

Urtemuga mugarri da, beraz, elkartearentzat. Euskaltzaleen kezkak bultzatuta jaio zen Berbaro 80ko hamarkadan, euskararen egoera ez baitzen batere ona Durangaldean. Eskolak, euskaltegiak eta abar bazeuden, baina kalean gero eta zokoratuago zegoen euskara. Bazterketa honek arduratuta, zenbait euskaltzale elkartzea erabaki zuten, eta 1989. urtean Berbaro sortu zuten. Geroztik, ibilbidea luzea izan da, baina norabideari tinko eutsi diote. Euskararen erabilerarako gune egokiak sortzea izan da beti helburua.

Etorkinen seme-alabak dira etorkizuneko erronketako bat

Durangoko Plateruena Kafe Antzokia da gune esanguratsu horietako bat. Elkartearen ikur ere bilakatu da. "Euskaldunak batzeko eta egoteko leku bat behar zela konturatu ginen", dio Jone Narbaiza, lehendakari ohiak. "Taberna bat sortzea erabaki genuen orduan, euskal kulturari plaza bat emateko eta dirua lortzeko. Tabernako esperientzia honekin, Plateruena kafe antzokia sortu genuen, gogo biziz eta esfortzu handiarekin. Orain, ehuneko ehunean euskaraz lan egiten duen espazioa da, eta Durangaldeko elkarteentzat eta baita kanpoko kultura egile eta eragileentzat ere leku bat eskaintzen dugu".

Gazteenentzako, "etorkizuneko hiztunentzako", ekimenak sortzea da elkartearen helburu nagusienetako bat. Horregatik, Berbaroko sei langileetatik bik gazteen ekimenak antolatzen dihardute, eta inbertsioen zatirik handiena ekimen hauetara bideratzen dute. Horien artean, esaterako, udalekuak daude. Udaro ehun bat haur elkartzen dira Berbarok bakarrik edo udalekin elkarlanean antolatutako udalekuetan. Euskarazko irakurketa bultzatzeko, bestalde, haur literatura aretoa antolatzen dute. Ekimen hauek indartzea, eta gehiago bultzatzea da elkartearen etorkizuneko helburu nagusienetako bat, gazteen aldeko apustua berretsi baitute urtemuga honetan. Gazteen artean, gainera, etorkinen seme-alabak dira erronka, Narbaizaren hitzetan. "Etorkin gazteengan eragiteko lan taldea osatu dugu, eta aisialdian euskara sustatzeko saio osagarriak ere antolatzen ditugu".

Komunikabideen aldeko apustua garrantzitsua izan da hasieratik, eta egun ere bada. Bederatzi urte dira Anboto aldizkaria sortu zutela. Gertuko informazioa euskaraz eskaintzeko jaio zen, eta egun, 30.000 irakurle ditu aldizkariak. "Normalean euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez dutenengana iristen gara Anboto aldizkariarekin, eta hori oso garrantzitsua da guretzat". Anbotok, orain, telebistara ere jauzi egin nahi du, eta horretarako, Hamaika komunikazio taldearekin lanean ari da Berbaro.

Elkartea bera ere indartzeko ahalegina egin behar dela uste dute bazkideek. Urte hauetan guztietan, tantaka-tantaka hazten joan da Berbaro, egungo 435 bazkideetara iritsi arte. "Orain erronka bazkidetza horri eustea eta berritzea da. Gazteak erakarri behar ditugu, belaunaldi berriak ere bazkide izan daitezen ahalegindu".

Bi hamarkada hauetako lanarekin, beraz, "pozik eta oso baikor" da Berbaro, Durangaldean euskararen erabilera hobetzen lagundu duelako, gainerako eragileekin batera.

* Este artículo apareció en la edición impresa del Miércoles, 11 de noviembre de 2009